argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Atzerritar
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko otsailaren 28a

Eta mugak igarota ere zer, muga azalean geratzen da, eta betirako, etengabe, da atzerritar barruan muga daramana, hain atzerritar, ezen ez duen guztiz pertsona ematen. Ezen hori baino ez dugun ikusten, hemengoa izanik ere bai, askotan, ijitoa bada, adibidez, atzerritarra (mugarik gabea). Guardia Zibila eta atzerritarra. Ertzaintza eta atzerritarra. Boluntarioa eta atzerritarra. Funtzionarioa eta atzerritarra. Beste zuri bat eta atzerritarra. “Espera ahí: a-hí” eta atzerritarra. “Itxoin hor” eta atzerritarra, “que es-pe-res a-hí”. Gurasoa eta atzerritarra. Leihatilakoa eta atzerritarra. Bizilaguna, hori ez, hori ere atzerritarra, atzerritarra eta atzerritarra. Parkean ere gero eta atzerritar gehiago, parke horretan, ez bestean. Bi baino gehiago izaten hasi ziren, eta... Eskolan ere bai. Umea eta MENA, atzerritarra. Dendaria eta atzerritarra. Medikua eta atzerritarra. Administraria eta atzerritarra. Gorroto duena eta atzerritarra. Irakaslea eta atzerritarra. Eta, agian, hemen jaio da, baina atzerritarra. Adineko gizon-emakumeak eta atzerritar gaztea. Langileak eta atzerritarra, garbitzailea, atzerritarra. Hemengoa eta atzerritarra. Bi atzerritar, hiru atzerritar, lau atzerritar… atzerritar uholde bat. Segurata eta atzerritarra. Nire etxea eta atzerritarra. Barkatzen duena eta atzerritarra. Nahiago ditut hangoak, ez beste hangoak, atzerritarrak. Langileagoak dira. Ezaguna eta atzerritarra. “Nik ezagutzen dut atzerritar bat” eta atzerritarra. “Familiakoa bezalakoa da” eta atzerritarra. Fidatzekoa eta atzerritarra. Zu (?), ni, eta...