argia.eus
INPRIMATU
Eguzkierripako 'outlaw'-ak
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2024ko otsailaren 29a

Over the red light
The Clayton
Autoekoizpena, 2023

--------------------------------------------------

Aramaioko (Araba) talde honek arreta deitu zuen Arrasate inguruan 2019an, oso gaztetxoak zirela jotzen hasi eta Los Clayton izenpean maketa rockeroa kaleratu zutenean. Zuzeneko ikusgarriak, musikari oso finak eta abesten eroso aritzeaz gain, agertokian zer egin dakien frontman-a.

Gerora, pandemia erdian Martin L. Guevara-ren Silver estudioan Phoenix izeneko lan luzea grabatu eta argitara eman zuten: dotorea, indartsua, rockaren bueltan estilo eta eskola desberdinak arakatu eta azaleratzen zituena; horietako asko izerditsuak eta sentituak, jakina.

Horren ostean, Danbaka Debagoieneko musika lehiaketaren bosgarren edizioan, lehiaketako lehen saria eskuratu zuten; eta, ondorioz, honako diskoaren grabazioa erraztu. Oraingoan Zestoara jo dute Eñaut Gaztañagarengana, grabatu, nahastu eta masterizatzera. Eta berehala bueltan dira agertokietan, haien esentzian, honako lanarekin besopean.

Phoenix-ek bazituen horren zantzu batzuk eta oraingoan sustraietako doinu amerikarrean egin nahi izan dute geldiune gozagarri bat. Hala, Gose dira soinu amerikarreko eta gorputz sendoko kantua da, tenpo erdiekin ere jolastu eta tarteka gitarrak erotzen dituena. Inertzia, berriz, biziagoa, azkarragoa eta jostariagoa da. Erritmo biziko rock-and-roll bizi eta itsaskorra. N-260 are eta amerikarragoa da, blues-arekin ere ligatzen duena –a zer gitarra riffak eta zer emaitza borobila!–. Euripean kantutzarra da: Idoia Tapia lagun dutela Ameriketako sustraietatik edan eta Eskean Kristorekin txikiteoa egin ostean pop-rockari enbidiarik ez dion pieza ia epiko eta sentikorra –portzierto, adi kantu honen bideoklipari!–. Let loose-ek ere txunditu nau, pub-rock hezurdura badu ere, arropa rockeroago jantzi eta tenpo erdiak barne borobilduta dagoelako. Buffalo-n agerian uzten dute gutxirekin asko esan daitekeela, jotzearen gozamena transmititzen dute-eta. Light me up da rock-and-roll bizi-bizia. Eta, azkenik, Aingurarik ez rock maltzurra, Kaliforniako melodiak eta Euskal rocka batzen dituen akaberako pieza.