argia.eus
INPRIMATU
Ahanzturaren gaixotasuna
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko otsailaren 27a
Ezkerrean, Alois Alzheimer psikiatra; eskuinean, Auguste Deter pazientea. 1901ean “ahanzturaren gaixotasuna” diagnostikatu zion.
Ezkerrean, Alois Alzheimer psikiatra; eskuinean, Auguste Deter pazientea. 1901ean “ahanzturaren gaixotasuna” diagnostikatu zion.

Frankfurt (Alemania), 1901. Alois Alzheimer psikiatra eta neurologoak Auguste Deter pazientea ikusi zuen lehen aldiz. 51 urteko etxekoandre alemaniarra kasu arraroa zen. "Pazientea eserita dago eta babesgabe dirudi" jaso zuen Alzheimerrek idatziz: "Nola duzu izena? Auguste. Nola du izena zure senarrak? Auguste, uste dut. Galdera ulertzen ez duela dirudi".

Garai hartan Alzheimerrek uste zuen gaixotasun psikiatrikoak beste gaixotasunak, gorputzeko gaixotasunak bezalakoak izan zitezkeela, eta hori probatzeko kasu baten bila zebilen; Auguste Deterrek eman zion aukera. Oroimen eta ulermen galera, afasia, desorientazioa, jarrera iragarrezina, paranoia eta ezgaitasun psikosozial nabarmena ziren Deterren sintometako batzuk. Alzheimerrek “ahanzturaren gaixotasuna” deitu zion.

1990eko hamarkadan Frankfurteko ospitale psikiatrikoko zuzendaria Conrad Maurer zen, eta ondorio garbi bat atera zuen: Alzheimerrek erabilitako metodoak eta egindako diagnostikoak guztiz zuzenak ziren; ia mende bat geroago, Maurerrek ez luke ezer aldatuko

Bost urtez egon zen Deter Frankfurteko ospitale psikiatrikoan ingresatuta. Eta psikiatrak eskuz idatzita jaso zuen pazientearen eboluzioa. “Arkatza, boligrafoa, diru-zorroa, giltzak, egunkaria eta zigarro bat erakutsi dizkiot, eta zuzen identifikatu ditu” idatzi zuen. “Frau Auguste D. idatzi behar duenean, frau hitza idazten du eta, ondoren, gainerako hitzak errepikatu behar ditugu ahaztu egiten zaizkiolako”. Eta aurrerago: “Pazienteak ezin du idazketan aurrera egin eta ‘galduta nago’ esaten du behin eta berriro”.

1990eko hamarkadan Frankfurteko ospitale psikiatrikoko zuzendaria Conrad Maurer zen. Maurerrek Alzheimerrek idatzitako eduki guztia aurkitu zuen han. Kasua goitik behera berriro aztertzeko aukera eman zion aurkikuntzak, eta ondorio garbi bat atera zuen: Alzheimerrek erabilitako metodoak eta egindako diagnostikoak guztiz zuzenak ziren; ia mende bat geroago, Maurerrek ez luke ezer aldatuko.

Auguste Deter 1906ko apirilaren 6an hil zen. Alzheimerrek berehala pazientearen garunaren laginak aztertu zituen mikroskopioan eta ikusi zuen kortex zerebrala ohi baino estuagoa zela, atrofiatua zegoela. Aurkitu zituen plaka eta neurofilamentuak gaixotasuna azaltzeko balio izan zioten. Eta gaur egun oraindik hori jotze da gaixotasunaren kausatzat. Urte horren amaieran, Alemania Hegoaldeko 37. Psikiatria Biltzarrean, kasua xehe xehe azaldu zien kideei. Beste espezialista batek iradoki zion gaixotasun hari bere izena jarri behar ziola.

Alois Alzheimer 1915ean hil zen, 51 urte zituela, jakin gabe Alzheimerren gaixotasunak milioika pertsonari eragingo ziola. Eta jakin gabe, 120 urte geroago dementzia diagnostikatzeko berak erabilitako metodo bertsua erabiliko zela oraindik. Paziente bakarra behar izan zuen bere izena luzaroan oroitu zedin ahanzturari lotuta.