argia.eus
INPRIMATU
'Afarie lanbaten, apuntau'
Malores Etxeberria 2024ko otsailaren 28a
PAULA ESTÉVEZ

Euskalduntzea eta alfabetatzea, hori zen gau eskola eta euskaltegien egiteko bikoitza. Erdaldunei euskara erakustea eta euskaldunei, berriz, euskaraz irakurri eta idazteko tresnak ematea. Alfabetatzera zihoana euskara etxetik zekarren belaunaldia zen, eskolan euskaraz ikasi gabea, euskarazko komunikabide oso gutxi zegoen garaian hazitakoa, eta oso jendetsua. Euskaltegi guztietan osatzen ziren alfabetatzeko taldeak, ez titulu baten premia zutelako, beren hizkuntzan pertsona alfabetatuak izan nahi zutelako baizik.

Urte batzuen bueltan, eskoletan D eredua nagusitzen zihoan neurrian, eta euskarazko ikus-entzunezkoak ugaritu ahala, talde haiek desagertzen joan ziren; gero eta zailtasun handiagoa zegoen alfabetatzeko taldeak osatzeko, eta euskaltegiak euskalduntze zereginera mugatu ziren, nagusiki. 1990eko hamarkadan, esango nuke dagoeneko alfabetatzeko oso talde gutxi zegoela euskaltegietan.

Begi bistakoa da ETBk, esaterako, bere hutsune guztiekin, balio izan duela euskaldunak hein batean alfabetatzeko, eskoletara joateko aukera handirik ez lukeen adineko jendea, batez ere. Markagailua edo berdinketa bezalako hitzak, gure gurasoek bestela erabiliko ez lituzketenak, ETBko pilota partidak ikusiz ikasi zituzten. Markadorea eta enpatea erabiliko zituzten, seguruenik, hizketan, baina bazekiten beste modu batera ere esaten zirela, eta ez zien belarriko minik ematen hala entzuteak; alderantziz, ikasten ari zirela sentitzen zuten. Eta gauza bera gainerako euskarazko komunikabideekin. Denek egin dute alfabetatze lan hori. Eta, hala ere, zenbat jende dago oraindik euskaraz hitz egin bai, baina aise irakurri eta idazteko gai ez dena? Euskaraz irakurtzen gozatzen ez duena edota ohar bat idazteko zailtasun eta beldur handiak dituena?

Euskaraz, berriz, pedantetzat hartzen da zuzen idaztea. Arazoa ez ote da ez dugula erabat gainditzen euskara bigarren mailako hizkuntza delako sentimendua?

Eta egoera hori izanda, kezka eragiten dit alfabetatuok, zahar bezala gazte, komunikazio idatzian hartu dugun jokabideak. Herri euskaldun askotan ikusi ditut kartelak era honetako esaldiekin: “Afarie lanbaten, apuntau”. Eta zer esanik ez sare sozialetan –Twitter edo X-n, Whatsapp-en…–, “enkargue eztola ingo” moduko mezuekin. Entzun dudanez, arrazoietako bat zera omen da, euskara batuak, estandarrak, ez duela txisparik eta, gainera, lekuan lekuko euskararen bizitasuna galtzen ari omen garela dena hain formal idatzita. Nik zalantza handia dut.

Alde batetik, beti pentsatu izan dut hobe dela euskara idatzia menderatzen ez duen jendea erdaraz aritzea baino euskaraz titili-potolo aritzea; ari denak, arituaren poderioz, hobetu dezakeelako, eta, bestetik, hizkuntza bat ez delako kutxa batean gordeta edukitzeko altxor bat, baizik eta erabiliaren erabiliaz etengabe berritzen eta aldatzen doan tresna bizia, hizkuntza guztiak bezala. Baina gertatzen da maiz horrela idazten ari dena ez dela euskaraz justu-justuan dabilena, baizik eta jende alfabetatua. Zer mesede egiten dio horrek bizitasunari? Nire ustez, handirik ez, nork bere modura idazten duenez anabasa izugarria delako, eta gainera, kalte egiten diolako alfabetatu gabe dagoenari, erreferentzia eta eredurik gabe uzten duelako.

Ez da hori gertatzen hizkuntza nagusiekin. Euskaraz lokalismoak erabiliz idazten ari direnek gaztelaniaz komunikatzen dutenean, esaterako, ia beti gaztelania estandarrean egiten dute, lokalismoak oso une anekdotikoetarako utzita. Euskaraz, berriz, pedantetzat hartzen da zuzen idaztea. Beharbada oker nago, baina arazoa ez ote da neurri batean ez dugula erabat gainditzen euskara bigarren mailako hizkuntza delako sentimendua?