argia.eus
INPRIMATU
Etorkizun utopikoen zirrimarrak
Amaia Alvarez Uria 2024ko otsailaren 23a

Zirriborroak eta gero
Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Lucía Baskaran, Harkaitz Cano, Gabriela Damián Miravete, Belén Gopegui, Karmele Jaio, Danele Sarriugarte, Iban Zaldua eta Patxi Zubizarreta
Consonni, 2023

--------------------------------------------------------

Dena hasi zen Azalan (egonaldi artistikoetarako espazioan), Futuribles saioak antolatu zituztenean. Zenbait ekimenetako ordezkari bildu ziren bertan, bizitza bizigarriago egiteko alternatibekin: Errekaleor, Lumínica ambiental, Karabeleko... Jarraian, idazle batzuk gonbidatu zituzten etorkizuneko aldaketetarako zirriborroak osa zitzaten. Horrela, 2018tik 2022ra alternatiba bana hartu eta fabula espekulatiboak sortu zituzten.

Testuak eta audioak (gehi proiektuaren inguruko informazioa) borradoresdelfuturo.net web orrian bildu zituzten. 2023ko Durangoko azokarako ordea, Consonni argitaletxeak liburu formatuan argitaratu zituen. Liburuko hamar narrazioez gain, web orrian hamaikagarrena ere irakur-entzun daiteke, Nerea Arrienen Badalab laborategiaren fabula.

Espainiako editoreen elkarteak berriki argitaratutakoaren arabera, irakurleen %29,7k euskarri digitaletan irakurtzen du eta %6,9k audioliburuak entzuten ditu (nagusiki 14 eta 45 urte tartekoek). Ni liburu honekin hasi naiz ipuinak entzuten, eta esperientzia bitxia izan da. Idazleak kontatu dit bere narrazioa ahoz, eta jarraian nik irakurri dut idatziz. Probatzea proposatzen dizuet.

Katixa Agirre, Iban Zaldua, Danele Sarriugarte, Karmele Jaio, Belen Gopegui, Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Uxue Alberdi, Lucia Baskaran eta Gabriela Damián dira egileak. Honatx haien alegietatik zenbait esaldi komentatuta.
Sarriugarterenean hasieran “zerk kezkatzen zaituzte hainbeste?” irakur dezakegu. Zientzia-fikzioan edo literatura espekulatiboan oso oinarrizko abiapuntua da, bilduma honetan argi geratzen dena, adibidez, Zalduaren aipu honetan: “Jendarte-makinartea gauza erlatiboki berria da, historiaren talaiatik begiratuta, eta bide luzea daukagu auretik”.
Gopeguirenean eta Damianenean bizimodu aldaketa eta migrazioaren bulkada aipatzen dira: “Ez nintzen hona etorri lasaitasun bila. Etorri nintzen lasaitasuna pribilegiotzat duen bizimoduak min egiten didalako, min egiten digulako” eta “bizitza askerako jomuga berriak bilatzeko plazer hutsa”.

Gehiago ezagutu nahi baduzue, sartu webgunean edo eskuratu liburua, proba ezazue transirakurlea izatea zer den eta ezagutu itzazue alternatibak eta horietan oinarritutako alegiak.