argia.eus
INPRIMATU
Komun
Inma Errea Cleix @inmaerrea 2024ko urtarrilaren 24a

Hitz horren adierak lagun, berdin jo dezakegu komunitatera, arruntasunera zein behar fisiologiko ohikoenetara, beharrezko bezain tabu ditugun horietara.

Ez naiz hizkuntzalari eta ez dakit nola eratzen diren hitzen esanahien arteko harremanak, zein arauri jarraitzen dioten, halakoei jarraitzen badiote, edo apeta ezkutuen arabera garatzen diren. Baina komun hitzaren adierei berehala igartzen zaie beheko gauza orokorren pilpira, gauza goren, esklusibo eta dotoreen kontrakarrean.

Usu, gutxiespen-usaina ere dario komunari, keriek orok sortzen duten susmoak piztuta.

Bitxia da zeinen ongi ahokatzen zaion gure garai honi bizimodu eta jokamolde komunitarioekiko destaina (maiz batera doaz gugan komunitatearen goraipatzea eta bertan parte hartzeko arbuioa), gure mende honi, non garaile baitira, nagusi, indibidualismoa, besteengandik bereizteko gogoa eta besteen gainetik nabarmentzeko desira. Eta bitxia ere, nola egiten duen talka horrek gizarte modernoen bizimodu gero eta kolektibizatuago eta berdinduagoarekin. Guztiok uste dugu bagarela nor, besteen diferente, besteengandik bereizita, eta gauza garela guk geuk geure burua sostengatzeko, baina gizarteari sostengua emateko adreilu komunak gara, nor arruntak, nahiz gure handiusteak bestelakorik pentsarazi guri.

Ez dit balio besteekiko harremanak sare sozialen gainean soilik eraikitzeak, sare sozialek komunitate-irudipen faltsua sortzen baitute sarri guregan

Ni aski indibidualista naiz anitz gauzatarako: ez dut erraz jasaten besteekin etengabeko harremanetan bizitzea, eta behar ditut ene aldentze-aldiak, beste jendeengandik aparte egoteko tarte bakartiak.

Baina aldi berean behar dut besteekin bat egin, besteekin aritu, besteei eman eta haiengandik jaso. Beti jakin izan dut hori, baina azkenotan bizitzaren gorabeherek erakutsi didate uste baino komunitarioagoa naizela, harreman eta gauza komunen zaleagoa eta aldekoagoa.

Eta horretan ez dit balio besteekiko harremanak sare sozialen gainean soilik eraikitzeak, sare sozialek komunitate-irudipen faltsua sortzen baitute sarri guregan. Harreman presentzialak ere behar ditut, harreman fisikoak, besarkadak eta musuak, aire-giro komun bat zeharkaturik elkarrekin gurutzatzen diren begiradak, hitzak, barreak eta, behar izatera, lantu eta haserreak.

Aldi berean sentitzen naiz nor eta adreilu, eta gero eta inportanteago jotzen dut besteekiko itsasgarria, izan lekeda, porlan edo iman-harri, kalitatezkoa izatea, hau da, komunitate baten balioen pertzean gatzatua, balio komunitario komun eta adostu batzuen arragoan bat eginda.