Igande goiza Tolstoiren ipuin bat irakurtzen pasa genuen, irakurtzen, euskaraz: “Zenbat lur behar du gizon batek?”. Eta Elena Odriozolaren marrazkiak ezagutu ditu Gulliverren abenturetan ikusi zituelako, Ipuinen harian gozatu. Diskotekero jartzen da gero, maiz, eta azken ipuin hori itzuli zuen Alberdik katalanetik itzulita, Enaren kontuekin dantzatu gara, eta Tapiaren ahotsa eta trikitia identifikatu ditu, Egon ala ez egon diskotik ezagutzen zituenak (eta berak jakin ez, baina Izagirreren hitzak ere badakizki): Tapia politasun zigilua da.
Aspaldi entzun zituen Izagirrek berak gurera ekarritako satorraren hitzak, “Ze nazka!” esaten ikasi Astizekin, eta “gaur poemak nahi ditut” eskatzen du nahi duena joemak badira, Bilbaoren hotsak, edo Igerabiderekin batera gorputzarekin jolastu. Dodo bat zer den ondo azaltzen daki, eta zer duda duen dodoak, Astizi eta Muguruzari esker. Berak ez daki, baina ari da bere gustuak eratzen. Lo potolo liburuan Canorenak seinalatzen ditu aurkibidean (irakurtzen jakin gabe) lehenengo, sukaldean itsasoak eta basamortuak eratu zizkion bera, eta Bilbaorenak, eta Alberdirenak, eta Lertxundirenak, Xola eskatzen du “berdin zait dena ulertzen ez badut”, luze egon nahi duenean entzuten. Eta umeek ere behar izaten dutenez noizean behin zerbait arina, edo adrenalina, zain izaten du Super Patata. Zain du, baita ere, Landaren krokodiloa, gure garunaren geruza sakonenen sinbolo, Dovstoyeskiren eta Mrozeken ipuinekin lotuko dituena.
Erdarak ere sartzen dira gure txokoan, gozatzen ditugu. Baina zer ederra, zer luxu, gaur, ume euskaldun izatea.