argia.eus
INPRIMATU
Ander Sagardoy. Zine ekoizlea
“Zinemaren industria sendoa nahi badugu, formatzeko bideak eskaini behar ditugu”
  • Filmetako kredituetan toki esanguratsua du ekoizleak. Hamar ikusletik bederatzik, ordea, ez genuke asmatuko esaten haren lana zein den. Ander Sagardoyrengana jo dugu erantzun bila. Eneko anaiarekin jarri zuen martxan Sumendi Filmak, eta bertako jarduna uztartzen du Irusoin ekoiztetxe puskaz handiagoan egiten duen lanarekin. Iaz bezala, aurten ere, Zinema ekoizpena: sorkuntzatik esplotaziora ikastaroa eskainiko du Donostiako Larrotxene kultur etxean otsailean.

Lander Arretxea @larretxea 2024ko urtarrilaren 10a
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Has gaitezen gaizki-ulertuei izkin egiten. Filmetako kredituei begira jarrita, ekoizpenari edo produkzioari erreferentzia egiten dioten izen asko topa daitezke: ekoizlea, ekoizle eragilea, produkzio zuzendaria… Zer da zer? Eta zein da zure rola?
Ikusten ditugun kredituak gaztelaniaz dira askotan, eta bai, hor kategoria askok daramate produkzio hitza, baina ez dira gauza bera. Ekoizlea, asko laburtzearren, filmaren jabea da. Eskubideak erosten ditu eta saiatzen da pelikula hori finantziatzeko bideak aurkitzen, dela telebistei salduta edo dela dirulaguntzen bidez. Behin behar den diru hori badagoenean, ekoizle eragilea sartzen da normalean, kontratatu gisa, jatorrizko ekoizlea ordezkatzeko eta proiektua gainbegiratzeko. Eta gero, filma gauzatzeko bidean jarri behar denean, produkzio zuzendaria eta bere azpitik dauden produkzio laguntzaileak-eta sartzen dira prozesuan. Produkzio zuzendariak erabakitzen du aurrekontua nola kudeatu. Azken zati hori, filmatzea bideratzearekin lotura duena, ez da nire lana.

Ekoizlearen lekua bulegoa da, hortaz. Kirol taldeen egiturekin konpara liteke.
Guk presidentearen bulegoko lana egiten dugu, aurrekontuekin aritzen gara gora eta behera, baina “jokatzen” dutenekin harremanetan daudenak, eguneroko erabakiak hartzen dituztenak, beste batzuk dira. Normalean ez gara errodajeetara joaten. Gu proiektu berriak aurkezten aritzen gara, banatzaileekin elkartzen…. Bitxia da: egon zaitezke bi urte proiektu baten finantziazioa borrokatzen, eta ustez politena datorrenean, espazioak konpartitzea aktoreekin, zuzendariarekin… atera egiten gara prozesutik. Grabatutako materiala heltzen zait bulegora, eta bertatik ikusten dut pelikula zer forma ari den hartzen.

Irusoin eta Sumendi, Sumendi eta Irusoin. Bietan zara ekoizle, batean langile, bestean jabe. Nola uztartzen dira bi zereginak?
Bartzelonako ekoiztetxe batean ari nintzen lanean Sumendi sortu genuenean, eta nire lanalditik kanpoko orduetan hasi nintzen horrekin, proiektu txikiekin, lehenengo pausoak ematen. Horretan ari nintzela atera zen Irusoinen lanean hasteko aukera, eta logika berarekin jarraitu dut geroztik. Sumendik baimentzen dit hurbileko jendearekin lan egitea, hainbesteko esperientzia ez duenarekin, adibidez. Ikasi ere gehiago edo desberdin ikasten da ekoiztetxea zurea denean. Irusoinek egonkortasuna eskaintzen dit eta Sumendi osagarri bat da, gustuko proiektu txikiagoak, Eneko anaiarenak, besteak beste, aurrera eramateko balio diguna.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ezagutzen ez dituenarentzat, zenbatekoa da bien dimentsioaren arteko aldea?
Euskal Herri mailan, Irusoin da kontsolidatuen dagoen zine ekoiztetxeetako bat eta esanguratsua da Espainiako Estatu osoa hartuta ere, batez ere, Moriartiren Handia, Loreak, Trinchera Infinita eta abar ekoitzi dituelako. Horrek ematen dio zilegitasuna eta ahalmena proiektu potoloak egiteko, eta modu jarraitu batean egiteko lan. Gero badaude ekoiztetxe txikiagoak, hasiberriak direnak eta nagusiki film laburrak egiten dituztenak. Horietako bat da Sumendi.

Film laburrek ikusleonganaino heltzeko erakusleiho gutxi dituzte. Zergatik egiten dira, orduan, horrenbeste?
Laburrak izaten dira, askotan, zuzendari baten lehenengo lanak. Izaten dira probatzeko, ikusteko ea zerbait gustukoa egiteko gai zaren, jolasteko... Aldi berean, badira modu bat aurrerago film luzeak egiteko dauden dirulaguntza deialdi publikoetan aukera gehiago izateko. Labur batekin lortzen baduzu ibilbide bat, onartzen badute jaialdi esanguratsuetan, aukera izango duzu gero luzeak egiteko. Hala ez bada, oso zaila izango zaizu. Bien ibilbidea hartzen da aintzat deialdi publiko horietan, bai zuzendariarena, baita ekoiztetxearena edo ekoizlearena berarena ere.

"Labur batekin lortzen baduzu ibilbide bat, onartzen badute jaialdi esanguratsuetan, aukera izango duzu gero luzeak egiteko. Hala ez bada, oso zaila izango da"

Asko ari gara dirulaguntzak aipatzen.
Dirulaguntza publikoak dira, gaur egun, ekoizten diren filmen oinarri ekonomiko nagusia. Film luzeetan nagusiki, baina baita laburretan ere. Muga batzuk badaude: ezin da ehuneko ehuna diru publikoz ordaindu, eta hainbat aldagairen arabera, ardura-karguen generoa edo hizkuntza tartean, aldatu egiten da gehienezko ehuneko hori. Baina kasu guztietan, dirulaguntza publikoak ulertzea eta jakitea gero zer derrigortasun dakarren horrek, ezinbestekoa da ekoizle lana egiteko. Askotan hori da proiektu bat martxan jarriko den ala ez ebatziko duena.

Proiektu zirriborro asko jasotzen dituzuela entzuna dut, nola Sumendin hala Irusoinen. Baina ezezko asko eman behar izaten dituzue.
Guk, proposamenak jasotzen ditugunean, etengabe egiten diogu galdera gure buruari: merezi du denbora inbertitzeak proiektu hau altxatzen saiatzen? Gidoia hartzen dugu aintzat, noski. Baina gauza gehiago ere bai: proiektuaren egingarritasuna, zuzendariaren ibilbidea… eta filtro horiek guztiak pasata ere, ezin dugu beti baiezkorik eman. Filmatze bat zazpi aste izan daitezke. Baina guk, proiektu bat hartzen dugunetik estreinatzen den arte, hiru edo lau urte ematen ditugu lanean.

Proiektu bati baiezkoa emateak esan nahi du beste asko kanpoan uztea. Irusoinen, adididez, 2025 edo 2026an zein proiektu aurkeztuko dugun ari gara aztertzen orain. Hori da ekoizlearen lana, beti datorrenari begira egotea.

Ekoiztetxe gazteen agerpenak ahalbidetzen du gidoilari, zuzendari edo teknikari gazteek bidea errazago egin ahal izatea?
Uste dut baietz. Zu gazte sortzailea bazara eta ikusten baduzu ekoizle gazte bat, aurreikusten duzu nolabaiteko sintonia bat izango duzuela. Ekoiztetxe gazteek langile edo sortzaile gaztearen sarbidea errazten dute, baita harreman horizontalagoak izatea ere. Adinaren faktorea dago, batetik, eta bestetik, ez gaudenez industriaren dinamiketan horrenbeste sartuta, gaitasun gehiago dugu gauza batzuk kuestionatzeko. Ez da erraza, errodajean dinamikak oso hierarkikoak direlako, baina gu saiatzen gara boterea ahal beste banatzen.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Testuinguru horretan erabaki duzu ekoizle lan horretan hasi nahi dutenentzako ekoizpen ikastaroa eskaintzea.
Proposamena Xanti Salvador soinugilearen bidez heldu zitzaidan. Gonbidatu ninduen klase labur bat ematera Larrotxene kultur etxean eskaintzen duen kurtsoan, eta Unai Gerra bertako arduradunak proposatu zidan, horren ostean, ikastaro bat nahieran diseinatzea. Ez nintzen aurrez klaserik emandakoa, eta erronka gisa hartu nuen. Aurreikusten nuen hasiberria edo hasteko gogoz dagoen jendea hurbilduko zela, eta hasiera horretan jarri nuen fokoa: lehenengo pausoak modu eraginkor batean emateko moduetan. Laburrak dira horretarako bide errazena.

Jokabide eskuzabala dirudi: dirulaguntzak mugatuak diren neurrian, informazio faltak jada arituak direnei edo zaretenei mesede egiten dizue.
Badago lehiakortasunaren mobida hori: hau azalduz ez ote nabil nire buruari harriak botatzen? Baina egia esan, laburrak eginez ez du inork bizibidea ateratzen.

Luzeetan bestelakoa da egoera: EAEn, adibidez, bospasei proiektu laguntzen dira urtean, eta hor bai, lehia handia dago. Hor larri aritzen gara. Ez badizute diru-laguntza ematen, lan asko geratu daiteke “ezerezean”. Beraz, galdera da: nik egin behar diot uko hasiberriei laguntzeari, nire oraingo egoera pribilegiatua galtzeko beldur? Nahiko jokabide arriskutsua da. Ia denoi lagundu digute inoiz. Zuzendari eta teknikari onak nahi ditut ondoan, maila eta esperientzia dutenak, eta hori proiektuak eginez lortzen da. Eta horretarako, proiektuak egin daitezen, ekoizle abilak ere behar ditugu.

Bi asteko ikastaroak bete dezake euskarazko formakuntzan dagoen hutsunea?
Larrotxenen bada jendea mimo eta gogo handiz egiten duena lan, ikastaro horiek atera daitezen. Baina ez da nahikoa. Euskal Herrian ez dago euskarazko unibertsitate edo kurtso publikorik ekoizpenaren lanbidea, edo zinearena, modu arautu batean jasotzen duenik. Bartzelonan, Madrilen, Parisen edo beste hainbat tokitan bai. Eta jendeak, ahal duenak, hori egiten du: hara joan.

Denon erantzukizuna da, batez ere erakunde publikoena, formakuntza hori hemen jasotzeko baliabideak eskaintzea. Beharrezkoa da, zinema-industria sendo bat nahi badugu. Lan asko dago orain zinemaren industrian, baina jendeari eman behar zaio horretarako prestatzeko aukera, ibili gabe derrigor meritorio, bekadun edo antzeko lan prekarioetan, auskalo zenbat urtez.

"Jendeari eman behar zaio formatzeko aukera, ibili gabe derrigor meritorio, bekadun edo antzeko lan prekarioetan auskalo zenbat urtez"

Lan asko dagoela diozu. Bizkaian, adibidez, film eta telesail mordoa egin dira azken urteotan.
Pizgarri fiskalen kontua sartzen da hor. Erabaki politikoa da, Bizkaian hartu dena, zinema industria laguntzeko. Beste sektore askotan egiten da, eta zineman ere beti existitu dira, baina kontua da Bizkaian ohiko ehunekoa igo dutela. Orain, diru berdina Gipuzkoan, Madrilen edo Bizkaian gastatuta, etekin gehiago ateratzen zaio Bizkaian. Horrek eragin du, besteak beste, Espainiako Estatuko ekoiztetxe askok haien egoitza Bizkaira ekartzea. Eta arriskutsua da, errealitatea desitxuratzen duelako. Horrelako neurriak daudenean, bermatu behar da bertako ekoiztetxeek, langileek eta istorioek espazioa izango dutela sor daitekeen ekoiztetxe oihan zoro horretan.

Eta gero badago bigarren efektu bat: pizgarriek bultzatzen dituztela ekoiztetxeak hemengo teknikariekin lan egitera. Hori ona da, baina ez erabat. Plataforma handiak datoz hona superprodukzioak egitera, hartzen dituzte langile pila bat, eta orain guk, kasu batzuetan, teknikariak kanpoan bilatu behar izaten ditugu.

Araban eta Gipuzkoan ere neurria berdindu egingo dela aurreikusten duzu?
Bai, Gipuzkoak eta Arabak erabaki dute berdindu egingo dutela neurria, eta epe ertainean, Espainiako Estatuan ere izango dira aldaketak, ziur asko. Horregatik, behin-behinean ona izanik ere, luzera begira arriskutsua da. Hortik datozen onurak eta dinamikak ez dute zertan egonkorrak izan.

Sumendirekin zure anaia Enekok zuzendu duen lehen film laburra aurkeztu berri duzue: Betiko gaua. Inflexio puntua da zuen ibilbidean?
Sumendik ekoitziko zuen lehen laburra izatekoa zen proiektu hau. Gidoia duela hiru urte idatzi zuten Nerea Ibarzabalek eta Eneko Sagardoyk. Sumendi eta Galapan ekoiztetxeen artean ekoiztu nahi genuen, eta orduantxe eman zidan lehenengo krisiak, erantzukizun handia zelako, oso gertukoa nuelako dena… Erabaki genuen atzeratzea, data argirik gabe.

Zentzu horretan, polita izan da azkenean Betiko gaua egitea, gogorarazi digulako Sumendiren hasierako grina eta zentzua. Egin ditugu gauzak tarte horretan, zorionez, baina hau egin ahal izateak ilusio izugarria egin digu. Miren Gaztañaga lagun mina da aktore, eta Elena Irureta ere izan da gurekin, baita talde tekniko zoragarria ere. Orain jaialdietan ari gara filma mugitzen, baina Movistarren egongo da ekainetik aurrera, eta Primeranen ere ikusi ahal izango dela espero dut.

Irusoinen, aldiz, telesail bat ekoiztu berri duzue, zer eta Disneyrentzat: Cristobal Balentziagaren biopica. Nola eragiten dizue ekoiztetxeei plataformen enkarguz edo plataformak bezero hartuta aritzeak? Bitartekari huts bihurtzeko arriskua dakar?
Plataforma bat sartzen denean tartean, proiektuaren jabetza plataformarena da. Sentitu dezakezu oso zure, baina plataforma sartzea onartu duzunean, hirugarren batentzat lanean ari den zerbitzu-emaile bat baino ez zara. Gure kasuan, hala ere, plataforma ez da oso gainean egon. Ziur asko, Moriartiko zuzendarien izena eta sinadura nahi zutelako, eta konfiantza horrek ahalbidetu duelako harreman ez batere intrusiboa izatea. Ikusten dituzte atalak eta ematen dute haien iritzia, baina zorionez, gure esperientzia oso askea izan da. Baina bai, plataformek aukera dute erabaki guztiak baldintzatzeko: errodajean, kastingean, muntaian, izenburuan… Ekoizleak normalean duen jabetza eta boterea galtzen du.