argia.eus
INPRIMATU
Agurra, betiko?
Jon Alonso 2024ko urtarrilaren 10a

Puska batean ez zaigu ahaztuko joan den abenduaren 28an Iruñeko udaletxeko plazan bizi izandakoa.

Esanahi eta emozio handiko gertaerak izaten direnean gertatu ohi den bezala, gaia bat izanda –Iruñeko alkate aldaketa, mozio zentsura bat medio–, azpigaiak asko dira. Zer esanik ez alkate ohiak berak, bere deklarazioekin, gasolina gehiago bota dionean mintzagaien suteari. Nago, eskailera-garbitzaileen kontura esandakoarekin, bere burua salatu ez ezik, Nafarroako eskuinean nagusi den ideologiaren litekeen potretarik perfektuena osatu duela. Konparaziorako, Mario Camusek pelikula oso bat, pelikula gogoangarri bat –Los santos inocentes–, behar izan zuen erretratatzeko, hark bezain ongi, Ibarrolak esaldi bakar batean erakutsi duen klasismoaren esentzia. Ibarrolak oso ongi emango luke Camusen filmean, zalantzarik ez horretan; eta badu zerbait justizia poetikotik alkate ohiaren ordezkatzea gertatzeak Camusen filmari izena ematen zion egunean, Inozente Egunean, alegia. Bakarra, 39 urte itxaron behar izan dugula. Ze, jende honen arazoa da gutxi gorabeherako demokrazia gutxi gorabeherako formalaren 39 urtek, eta ez mende batek, eta ez bost mendek, ez dutela balio beren egiazko izaera aldatzeko.

Orain ez da zaila imajinatzea politikatik bizi nahi duten koadroak PPren aurrean ate joka, Tuterako alkatetza baizik ez daukan partiduak eskaintzen ahal duenaz fio gabe

Baina, eta artikuluaren luzerak horrenbesterako aukera ematen duenez, hel diezaiogun aferaren beste azpigai bati: gero eta gehiago dira UPNren desagertzearen atarian, edo desagertzearen hasieran, egon gintezkeela esaten duten ahotsak. Ez hain aspaldi, politikaz nik baino askoz gehiago dakien analista batek zioen eskuin-erregionalistaren (UPN, CDN) edo eskuin-zentralistaren (AF, UCD, AP, PP…) arteko lehiaren arrazoia zela benetan agintzen dutenak ez direla historikoki ados jarri Nafarroa menderatzeko formula edo marka egokienari buruz. Marka erregionalista bat 40 urtez baliatu eta gero, orain marka estatalistarantz lerratu omen da balantza. Sayas eta Adanero aitzindariak izan ziren, hortaz, eta orain ez da zaila imajinatzea politikatik bizi nahi duten koadroak PPren aurrean ate joka, Tuterako alkatetza baizik ez daukan partiduak eskaintzen ahal duenaz fio gabe. UPNk, egun, ez dauka lider balekorik, ez programarik. Haserrea eta iraina baino ez. Konponduko al dute hori apirilerako? Eta, bestela, zer egingo dute hurrengoan ama eskailera-garbitzaile duten –edo bakarrik nafar sentitzen diren, edo forua probintziaren instituzionalizatzearen ardatza dela sinesten duten, edo ez Madrilen eta ez Bilboren morroi izan nahi ez omen duten, edo…– UPNren boto emaileek? Horra historia honen gakoetako bat.

Asironzaleoi, itxaronaldiaren luzeaz hausnartzea dagokigu.