argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Gaiaren adimena
Diana Franco 2023ko abenduaren 22a

Bada teoria bat James Lovelock -ek planteaturikoa eta Lyn Margulis biologoak sustaturikoa: Gaiaren teoria. Teoria horrek dio bizitzak, bere forma anitzetan, pixkanaka-pixkanaka Lur planetaren baldintzak bizitzarako egokitu dituela: hala nola tenperatura, oxigeno maila eta azidotasuna. Biotak (Lurreko bizitza multzoak) biosfera (bizitzarako egokia den eremua) bizitzarako berez erregulatzen den harreman sistema bilakatu du.

Adimen artifizialaz hitz egiten dugunean, askotan ohartu gabe honek sortzeko duen gaitasunaz ari gara. Aurretik dituen datuekin gauza berriak sortzeko gaitasunaz. Hainbatek harremana ikusten du Gaiaren hipotesiaren eta adimen artifizial sortzailearen artean. Izan ere, bi kasuetan, sistema batean ematen diren harremanek eta informazioak eraldaketa bat eragiten dute. Adimen artifizial sortzailearen kasuan, datu-multzo handietatik abiatuta eta sare neuronalen bidez, datu horiek harremantzeko gaitasunagatik eduki berriak sortzeko aukera ematen da. Aldiz, Gaiaren teorian, sortu baino, orekatu egiten da, bitzarako materiaren baldintzak orekatu. Eta orekatze horretan, ongizate horretan, bizitzak jarraitu dezake.

Adimena zer ote den pentsatzeko garaian gaude. Gure gizarteek eta hezkuntza sistemek adimen artifizial sortzaile baten antzera funtzionatzeko entrenatzen gaituztela iruditzen zait, Gaiaren adimenari, gure gorputzen adimenari, bizitzaren adimenari kasu handirik egin gabe; bizitzarako ongizatea zaintzea ahazten dugu, etengabeko sorkuntza baten bidean.