Xabier Sanchez Erauskin. Vida de un rebelde con causas (Xabier Sanchez Erauskin. Kausak dituen errebelde baten bizitza) liburua idatzi du Joxe Felix Azurmendik (Durango, 1941), Egin eta Deia egunkarietako zuzendari izandakoak. Liburuan, datozen lerrootan, eta lerro artean, garai bati eta Herri bati buruzko lekukotasun ezinbestekoak daude.
Gasteizko goiz hotz arrunt bat da. Autobus geltoki berrian elkartu gara. Joxe Felix Azurmendi Gasteiza maiz etorria da, baina auzo berri hau ez du ezagutzen. "Hotza da, baina ez eguraldiagatik, lekua da hotza", dio. "Bai, azken urteotan auzo berri asko egin dituzte Gasteizen". Nahiz eta nekez uzten duen bere kazetari sena alde batera, eta bera hasi niri galderak egiten, azkenean, bere lagun Xabier Sanchez Erauskini buruz hitz egiteko manera aurkitu dugu. Sartu gara tabernaren epelera, eta hasi gara hizketan.
Zein da zuretzat Xabier Sanchez Erauskin?
Niretzat izan da laguna; ikuspegi aldetik antzekoa, bai profesionalki, bai abertzale gisa. Biok nahiko konprometituak izan gara, gaztetatik.
Egin egunkariko zuzendari nintzela ezagutu nuen; artean Xabierrek liburuak argitaratzen zituen, batzuk erdi klandestinoak, beste batzuk guztiz klandestinoak. Eginera editore batekin etorri zen. Txamarra handi bat jantzita, eta bi kamera zintzilik, eta grabagailu bat... orduan ezagutu nuen. Handik urte batera edo bi urtera, berriz, Punta y Hora aldizkariko zuzendari gisa etorri zen Hernaniko eraikinera lanera. Eta harrezkero jada elkarren inguruan izaten ginen. Handik gutxira kartzelan sartu zuten. Kartzelako egonaldiari buruz liburuan ere hitz egiten dut. Kartzelatik irten eta gero etorri zen Eginera, nire ordez.
Sasoi hartan, gainera, nire gurasoen etxe ondoan jarri zen bizitzen, eta oso harreman estua izan dugu. Eta oraindik ere hor jarraitzen dugu. Ni igandero mezetara ez, bera bisitatzera joaten naiz. Gaixotu aurretik esaten nion, "ez zaitez gaixotu, bestela ez dut izango-eta gauza hauetaz norekin hitz egin”.
Eta orain, gaixo delarik, berari buruzko liburua idatzi duzu. Zergatik uste duzu dela garrantzitsua liburua?
Omenaldi gisa egin dugu, baina ez hori bakarrik. Nik uste dut bere biografiak zalantza asko erantzuteko aukera eskaintzen duela, baita hainbat galdera egiteko ere. Garai bat azaltzeko gizon eredugarria da: zer zen apaiz izatea? Zer zen konprometitua egotea Trantsizio garaian?
"Hala dio Erauskinen fitxa polizialak: ‘Ternuan egon zen bitartean separatismoa predikatzen jardun zuen’"
Has gaitezen, bada, hasieratik. Xabier gasteiztarra da. Nolako zen Gasteiz garai hartan? Beti entzuten da "apaizen eta militarren" hiria zela, eskuindarra. Baina larruazal horren azpian, bazen besterik? Bazen giro abertzalerik?
Bai, hemen mugimendu abertzale garrantzitsua garatu zen. Gasteizko giro intelektualak abertzaletasunarekiko joera zeukan 1936ko gerraren aurretik. Kualitatiboki beste leku batzuetan baino abertzale gehiago zegoen, izen oso ezagun batzuekin. Gero, gerra garaian, fusilamendu pilo bat izan ziren, erbesteratu asko, errepresio izugarria, gerra ondoko atxiloketa asko...
Xabierrek oso gogoan zeukan nola etorri zen Franco 1946 inguruan, Francisco de Vitoriari eskainitako monumentuaren inauguraziora, eta nola, goiz hartan, euria bezala goitik behera, ikurriñen eta erresistenziaren esku-paper jasa izan zen, eta nola bere eskolako apaizak korrika eta presaka denak jasotzen ahalegindu ziren. Gero, atxiloketa piloa izan omen zen.
Bera Gasteizko familia ezagun batekoa da, ezta?
Bai, albaiteroak izan dira, bai bere aitona, bai bere aita. Aitaren beste bost anai, berriz, apaizak izan zituen, herri honetan horrek esan nahi duenarekin. Hau da: letretako gizonak, garai hartako unibersitarioak. Gasteizko familia abertzalea zen, eta frankismoan zigortutakoa. Aitari zenbait urtez albaitero izateko baimena kendu zioten, senitarteko batzuk fusilatu ere bai...
Sanchez Erauskin ere letretako gizona, ezta? Giro hartan elikatu zuen bere irakurtzeko eta idazteko gustua, agian?
Bai, bere ahizpa idazlea da. Hala ere, giro hartan ere, bera beti izan da nahiko heterodoxoa.
Intelektual hitzak ondo definitzen du Erauskin?
Bai, eta ahaztu egiten dute hori.
Non ikasi zuen?
Apaiz-ikasketak egin zituen, baina ez edozein lekutan, Comillasen baizik, eliteko eskola batean, eliteko gizona izateko. Han hasi zen interesatzen Teologia berriaz, eta apaiz ezkertiarren ideietan arreta jartzen. Kontatzen du Comillasen euskal seminaristak musika jotzeko batzen zirela, eta han ezagutu zituela itsasoko euskaldunak. Ba omen ziren kapitainen semeak, marinelenak... euskal giroan sartu zen (orduan hasi zen euskara ikasten) eta giro hori dago Ternuara joateko erabakiaren atzean. Zeren eta berak ez baitzuen ez Hego Amerikara ez Afrikara joan nahi izan... Ternuara, baizik. Hain zuzen, Saint-Pierre eta Mikelunen egin zuen egonaldia. Han galiziarrekin egin zuen harremana, batez ere. Hala dio bere fitxa polizialak: "Ternuan egon zen bitartean separatismoa predikatzen jardun zuen". Garai oso garrantzitsua izan zen bere bizitzan.
Ternuan, apaiz aritzeaz gain, aldizkari batean kolaboratzen zuen. Han hasi zen idazten?
Beti idatzi izan du. Idazlea da. Umetatik idatzi ditu dietarioak. Inork ez ditu ireki oraindik, eta aztertu beharko dira uneren batean. Idaztea eta kirola egitea izan dira bere zaletasun handiak.
Geroago egin zuen kazetaritza karrera, ezta?
Teologia eta Filosofia ikasia zen, eta kazetari egin zen Los hombres del mar (Itsasoaren gizonak) izeneko aldizkaria zuzendu behar izan zuelako; artean, Manuel Fragaren lege bat tarteko, zuzendari izateko kazetari titulua behar zen. Beti izan da gizon konprometitua, eta oso profesional zorrotza ere bai.
"Eitb-koek pentsatzen dute euskaran inbertitzea ezker abertzalean inbertitzea dela"
Zure liburuak Vida de un rebelde con causas du izena. Txema Ramírez de la Piscinak, artikulu batean, Sanchez Erauskin "lubakiko kazetari" izendatu du... Zer moduzko lekua da lubaki bat kazetaritza egiteko?
Jakin behar da konpromisoa mantentzen, profesionaltasuna galdu gabe. Zeren irakurleak ikusten badu oso abertzalea zarela, baina profesional kaxkarra...
Egineko zuzendaria nintzela kazetari alemaniar batzuk etorri ziren bisitan, gure funtzionamendua ikustera, eta galdetu zidaten: "Zuretzat zer da egunkari batentzat garrantzitsuena?", eta erantzun nien: "Orduan ateratzea". Eta gelditu ziren harrituta. Noski. Gure egunkaria beste egunkariekin batera banatzen zen, eta ez bazegoen besteekin batera banatzailea iristen zen unean, ez zegoen banatzerik.
Beste hau ere esan nien: "Hemen denok harmonian egiten dugu lan, ia denok helburuetan pentsatzen dugu, baina ordu batetik aurrera kapitaina daukan itsasontzi bat bezalakoa da hau, eztabaidarik onartzen ez duena, eta niri dagokit kapitaina izatea. Hurrengo egunean, kritika dezatela nahi dutena. Baina egunero atera behar den egunkari bat ezin da asanblearioa izan, erantzukizuna hartuko duen norbait behar du”.
Profesionaltasun faltagatik atera zen Xabier Eginetik?
Xabier Eginetik atera zen bertan nagusitu zen ildoarekin konforme ez zegoelako. Kritika zorrotza egin zuen, esanez Egin txarto politizatu zela, alde batera utzi zuelako, bere ustez –eta nire ustez ere bai– logika periodistikoa.
"Guk politizazio adimentsu baten alde egiten genuen" zioen.
Kanpoko itxurari ez zion garrantzirik ematen. Baina beti saiatzen zen konpromisoa eta profesionaltasuna mantentzen. Egin asko saltzen zen, eta oso egunkari inportantea zen, ez bakarrik ezker abertzalearentzako, langileentzako, emakumeentzako... profesionalak ginelako lanean. Gazteak ginen, ondo saltzen zen, eta guztiak pozik zeuden, ezker abertzaleko buruak izan ezik.
Gogorra izango zen Egin uztea.
Oso gogorra izan zen bai, eta oso haserre irten zen. Herri Batasunako mahaia nazionala ere bere kontra... Esan zuen: "Ordezkorik ez duen proiektu bat hondatuko duzue, eta luxu handiegia da hori guretzat".
1993an egunkari batera idatzitako gutun batean hau zioen:"Ez dute kritika onartzen, eta are gutxiago autokritika...". Euskal Herrian autokritikarako gaitasun falta dago?
Begira, horrek politikarekin zer ikusi handiagoa dauka kazetaritzarekin baino. Egunen batean idatziko dut... badakizu ezker abertzaleak zergatik ez duen autokritikarik egin? Bada, hasteko, aldaketa asko egon direlako. ETA desegin zenean ez zegoen erakundearen hasieran ibilitako inor jada, ez da egon jarraipenik. Orduan, ezin autokritikarik egin, nahita ere. Ez dago bururik esan dezakeenik, “hau egin nahi izan genuen, eta gero hau pasatu zaitzagun, eta gero bide okerra hartu genuen...”. Eta autokritika ezaren beste arrazoi bat da gaur egun debate batzuk oraindik ezin direla publikoki eman. Baina, seguru nago, pribatuan izan dira kritikak eta autokritikak.
Egin utzi eta gero, unibertsitatean irakasle aritu zen. Gaur egungo kazetaritza nola ikusten du?
Erabat desberdinak dira gaur egungo kazetaritza eta berak unibertsitatean ikasi eta irakatsitakoa. Ez bakarrik ideologikoki, formalki ere bai. Gaur egun ia ez da egunkaririk erosten... nola eta non irakurtzen dira gaur albisteak? Irakurtzeko eta informatzeko beste modu bat ari da sortzen. Hondar bat geratzen dela uste dut, baina oso zaila da jendea nola informatzen den kontrolatzea ere. Eta kuriosoa da, sareetan zein astakeria esaten diren ikusita, Euskal Herrian behintzat emaitza politikoak eta gizartea bera nolakoak diren.
EAJ zergatik ez da PPrekin joaten? badakielako boto emaileen artean ere nahiko giro aurrerakoia dagoela. Hori ikusten da Sahara dela, edo Palestina dela... eta ez da ezker abertzalekoak direnik, baina giroan dago. Hori guztia, komunikabideen % 90ek esaten eta irakasten dutena kontrakoa izanik. Zer da? Ez direla komunikabideok ikusten, ez direla entzuten? Ala herritarrak ez direla fidatzen, eta badakitela ematen dizkieten mezuak irakurtzen?
Badu Euskal Herriko kazetaritzak berezitasunik?
Oso kuriosoa da. Trantsizioan bazirudien frankistenak izandako egunkariek porrot egingo zutela, eta batzuk bai, baina beste batzuek indartsu jarraitu zuten. Denok pentsatzen genuen, Herri hau abertzale izanda, bai Deiak bai Eginek indar handia izango zutela, baina ez da hala izan. Kuriosoa da El Correo Españolen nagusitasuna, ABCren antzeko ildo editorialarekin... Euskadi da, esango nuke, toki bakarra zeinetan herritarrek, bozka emateko orduan, ez dioten jarraitzen irakurri ohi duten komunikabidearen ildoari. Prentsa abertzaleak oso indar gutxi dauka, espero zena baino gutxiago, behintzat; ez du jakin gehiengoetara iristen. Abertzaleek ez dute jakin beren prentsa maneiatzen. Ez dute ulertu nahi izan egunkari baten papera ez dela alderdiko prentsa izatea.
Euskarazko prentsari dagokionez, azalpena beste bat da, hizkuntzarena noski. Baina, ARGIAk adibidez, ETAren garai gogorrenenetan nahiko askatasun mantendu zuela esango nuke. Pello Zubiriaren garaietan, izango ziren presioak, baina duintasun handiz jokatu zuten... eta orain ere bai. Ahalegina egin behar dugu denok kazetaritza duin bat egiteko. Eta gaur egun, niretzat, Garak, Berriak eta ARGIAk kazetaritza duina egiten dute; baina zenbat jendek irakurtzen ditu?
Ikus-entzunezko munduari dagokionez, gauza bera: ETB1 ez du ia inork ikusten. Badakitelako euskarak edo euskaldunak ezker abertzalearen munduan mugitzen direla. ETAren ekarpen garrantzitsua izan zen aurrerakoia izatea zentzu zabal batean, eta eman zion euskarari garrantzi handia, eta hori islatu da gero ezker abertzalean eta euskal munduan. Eitb-koek pentsatzen dute euskaran inbertitzea ezker abertzalean inbertitzea dela.
Zer dute ikasteko kazetari gazteek Erauskinengandik?
Lanbidea nola defendatzen eta maitatzen den, eta nola mantendu ilusioa. Gu beti gauza berrien bila ibili gara. Hori esan nahi dut: ilusioa ez galdu, eta mantendu zure ideiak, zure duintasuna. Izan pertsona askea, baita bozka ematen diozun alderdiarekiko ere.
Directa-ren ikerketa batetik abiatuta ezagutu dugu iruzurra. Bartzelonan egiten ari den belako Amerika Koparen antolatzaileek argitaratutako audientzia eta bisitari kopuruak faltsuak dira. Gaia garrantzi sozial eta politiko nabarmena izaten ari da, faltsututako datu horiek izan... [+]
Mugimenduak mahai gainean jarri du euskarazko edukiak sustatzeko beharra, eta horren aurrean ETBk duen interes falta. Lehentasuna gaztelaniazko saioei ematea egotzi dio. ETB emozioen festa izan dadin, aldatu gidoia euskararen alde! lelopean, aldaketa eskatu dio telebista... [+]
Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]
Pablo Gonzalezek Errusian jarraitzen du, Poloniako Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion kazetariari eta "Poloniako autoritateen esperoan" daude, Euskal Herrira bueltatzeko. Hala azaldu dio Gonzalo Boyé abokatuak Berriari.
Poloniako Fiskaltza Nazionaleko bozeramaileak adierazi du euskal kazetaria oraindik formalki akusatu ez badute ere, “legearen arabera auzi-ihesean akusatua” izan daitekeela. Gonzalez preso trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri zen, baina Poloniako zerbitzu... [+]
Kazetariak adierazi du ez diotela argi azaldu zergatik espetxeratu zuten, eta espetxean zegoela “bere buruaz beste egitea” iradoki ziotela, Russia Today-n izandako elkarrizketa batean. Esan du laguntza “gutxien espero zen tokitik” etorri dela.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan "euskarazko albisteak areagotzeagatik" diru-laguntzak banatu ditu beste urte batez. Ia milioi bat euro banatu dute Noticias, Gara eta Vocento hedabide taldeen artean, artikulu batzuk... [+]
Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.