argia.eus
INPRIMATU
Geroa ehunduz
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2023ko abenduaren 13a

Bihurgunez beteriko bidearen ostean heldu ginen lautada zabal hartara. Udazkenak eskaintzen dituen orlegiaren tonalitate guztien atzean, teloi lana eginez, Pirinioak zuri-zuri ikusten ziren. Horrelaxe aurkitu genuen Abaurregaina, Euskal Herriko herririk garaiena. Errepidearen alboan, borda eraberritu batean Bilobila proiektua bisitatu genuen, Angora ahuntzak hazi eta mohair zuntza ekoiztea helburu duen ekimena. Itxura denez, neguan zein udan erabilgarria den material horrek askotariko ezaugarriak ditu.

Ausardia izan zen etxaldearen sortzaile gaztea deskribatzeko erabili genuen hitza. Izan ere, hiriguneetan kontzentrazioa handitzen doan garaiotan, hainbatetan kosta egiten zaigu ulertzea alderantzizko bidea eginez bizimodua eta ogibidea landa eremura bideratzen dituena. Eurostaten arabera, egun, Europako biztanleen %32 bakarrik bizi omen da landa-guneetan, eta gainerakoa, hiri edota hiri ondoko herri txikietan. Euskal Herrian ere hainbat herrik despopulatze prozesua bizi du, eta hustu ez diren asko hiri-eredua duten eremu bihurtu dira.

Datuei erreparatzen badiegu, oro har, Euskal Herrian 2009-2020 bitartean nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenek behera egin bazuten ere, kurioski, animalia buruek gora egin zuten, bai Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban (%86,7 txerri-aziendaren kasuan eta %4,5 behi-aziendarenean), eta baita Nafarroan ere (%21 behi-aziendan, eta %30 untxienean). Horrek, nolabait, bistaratzen du ekoizpena ustiapen handietan zentratzeko joera dagoela; hots, etxalde gutxiago baina handiagoak. Ekoizpen eredua aldatzen ari dela esan daiteke; pixkanaka, makro-etxaldeak sortzen ari dira. Hainbatetan, teknologiaren txertaketa maila handiagoarekin lan-esku gutxiago behar izaten dute, eta horren ondorio izan ohi da ekoizpen maila altuagoa. Horrek filosofia aldaketa ere badakar berekin, nahitaez.

Abaurregainako borda txikiaren handitasunaren pareko hamaika ekimen ikusiz eta ikasiz argitu ahal zaigu datorrena

Zaila da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako errealitatea Hegoaldeko lurraldetakoekin alderatzea, urte desberdinetako datuak baitaude eskuragarri. Hala ere, Laborantza Ganbarak lan mardula egiten du sektorearen zainketan, eta Ipar Euskal Herriko laborantzaren behatoki ekonomikoa ere martxan jarri du. Apustu garbia nabari da laborantza herrikoia babestearen alde. Interesgarria da jakitea 20 hektarea baino gutxiago duten etxaldeek 20-50 hektarea bitarte dituzten etxaldeek baino bi aldiz enplegu gehiago dutela hektareaka, eta 50-100 hektarea artekoek baino hiru aldiz gehiago.

Etxaldeetako ekoizpen ereduak hari mutur ugari ditu: izan animalien zaintza, izan langileen lan-baldintzak, edo izan produktuaren kalitatea. Ziurrenik ere, elkarri lotutako aferak izango dira, eta batean izandako hutsune edo indarguneek besteei eragingo diete, halabeharrez. Bilobila bezalako proiektuak ausardiarekin lotu ohi dira, eta horregatik, neure buruari galdetzen diot sektorean presente dauden gai horiek guztiak barneratuta ote ditugun. Izan ere, errentagarritasunean oinarritzen diren jardunbideak naturalizatu egin ditugula uste dut, eta geure bizitzetan gako diren ekoizpen prozesuen garrantzia ahantzi. Ahaztura horren isla da landa-guneetan gertatzen direnek gure hiriguneetan duten presentzia txikia. Beldur naiz dinamika horiekin etorkizuneko ekoizpen/kontsumo ereduaren habeak eraikitzen ari ote garen.

Hala ere, Abaurregainako borda txikiaren handitasunaren pareko hamaika ekimen ikusiz eta ikasiz argitu ahal zaigu datorrena; mimoz ari baitira etorkizuna ehuntzen.