argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Mugikorrari beldurra
Diana Franco 2023ko azaroaren 08a

Gizakion izaeran badago gure bizitzetan arriskutsuak izan daitezkeen aldagaien gainean kontrola izateko beharra. Beldurra eragiten diguten arriskuak txikitzeko beharra dugu, lasaitasuna lortzeko. Bide horretan, ezagutzak gure bihotzak lasaitzeko aukerak eskaintzan dizkigu. Historian, beldurra izan da baita ere zenbait gizarte eredu sortzeko eta menderatzeko eragilea.

Gaur egun, pertsona askorentzat mugikorra ziurgabetasun eragile bat da. Arrakala digitala ez pairatzeko gailu hori behar dugula esan digute, baina ohartzen ari gara arrakala digitala murrizteko ideiarekin zaurgarritasun digitala pairatzen duten pertsona kopurua handitzea bultzatzen ari garela.

Astero zaurgarritasun digital egoeran dauden 20 bat lagunen mugikorrak izaten ditut neure eskutan. Pertsona hauek euren mugikorrak mehatxu bezala ikusten dituzte: iragarkiz eta jakinarazpenez beterik dituzte gailuak. Askotan, modernitate kutsuarekin eta prezio baxuan saltzen diren gailuak zaurgarritasuna sortzeko aukera handiagoa dutenak dira, datu estrakzioa bilatzen duten negozio ereduak elikatzeko diseinatzen direlako.

Hona mugikorraren gainean kontrola apur bat handitzeko lau pauso txiki:

Mugikorraren doikuntza atalean:
1) Google zerbitzuak kudeatu, iragarki Id desaktibatu.
2) Jakinarazpenak kudeatu, kendu ahal dituzun gehienak. Mugikorrak zu uneoro abisatzeko baimena izan beharrean, mugikorra begiratzeko egunero tarte bat izatea baloratu, zure kontrolpean izango duzu informazio fluxua.
3) Pribatutasuna handitzeko baimenak kudeatu.
4) Behar ez dituzun aplikazioak desinstalatu.

Honekin behintzat, “zarata” apur bat kudeatuko duzu, eta kontrola zure eskutan duzun sentzazioa handituko duzu.