argia.eus
INPRIMATU
Mirarien zain?
Mikel Otero Gabirondo @otero_mikel 2023ko irailaren 25a

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa sortzen duten isurien azken datu ofizialak atera ditu Jaurlaritzak, 2021ekoak. Isuriek %8 egin dute gora berriro. Are gehiago, dagoeneko badakigu 2022. urtean berriro gora egin dutela, Europar Batasunak araututako sektoreen isuriek %15 egin baitute gora (araututako sektoreak isuri guztien %40tik gora dira). Beraz, pandemia garaiko isurien murrizketak berdindu eta pasa ditugula esan dezakegu.

Argi luzeagoa ipinita, azken hamarkadan isuriek %9 egin dute behera. Datu onak? Bada, erritmo honi jarraiki, 24 hamarkada behar ditugu ditxosozko neutraltasun klimatikora heltzeko, non isuritakoa xurgatutakoarekin konpentsatuko litzatekeen. Baina 24 hamarkada ez, 24 urte ditugu helburu hori betetzeko. Erritmoa hamar aldiz biderkatu behar da. Erraz esaten da.

Azken hamarkadan isuriek %9 egin dute behera. Datu onak? Bada, erritmo honi jarraiki, 24 hamarkada behar ditugu ditxosozko neutraltasun klimatikora heltzeko

Klima larrialdiaren aurkako borroka aise galtzen ari gara. Bai komunitate global gisa zein euskal komunitate gisa. Baina berriro gogorarazi nahi dut borroka hau ezin dugula galdu, galtzeak dena galtzea ekarriko luke eta. Gauzak horrela, irtenbideak mamitzen baino errudunak seinalatzen aritzeko joera zabaldu horrek gero eta atsekabe handiagoa sortzen dit. Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmenak aspaldi argitu zuen auzia, erantzukizun amankomunak baino ezberdinduak ditugu, eta euskaldunok, kapitalismo globalaren alde pribilegiatuan bizi izan garen neurrian, erantzukizun berezia dugu.

Antzerki klasikoan, deus ex machina adieraz ezagutzen zen trikimailua erabiltzen zen muturreko egoerei irtenbidea emateko. Gidoiarekin inolako loturarik gabe, makina baten laguntzaz zerutik jainko bat ateratzen zen egoera katramilatu bati irtenbidea emateko. Oraindik ere hainbat jende “deus ex machina teknologiko” baten esperantzara kateatzen badu ere, dagoeneko argi dago esfortzu eraldatzaile amankomun eta jarraitu bat besterik ez zaigula geratzen irtenbide gisa.

Egin behar denaren inguruan zirriborro batzuk baditugu. Badakigu kontsumo material eta energetikoak asko murriztu behar ditugula, badakigu baliabide fosilak erabiltzeari uko egin behar diogula, badakigu berriztagarriak hedatu behar ditugula. Baina oraindik inteligentzia kolektiboaren erabateko aktibazioa behar dugu ibilbidea mamitzeko. Deliberatu dezagun prozesu honen xehetasunen inguruan, har ditzagun erabakiak eta egin dezagun bidea behingoz, dena galtzearen errua norena izan zen argitzeak ez baitigu inolako kontsolamendurik emango eta.