argia.eus
INPRIMATU
Emakume* gorputza, erresistentzia territorio
Nekane Txapartegi 2023ko irailaren 20a

Caliban eta sorgina irakurri nuenean, ez nuen uste Euskal Herriko erresistentziari aipamena egiten zion idazlea noizbait topatuko nuenik. Joan berri den abuztuan, ordea, aukera izan nuen Silvia Federici elkarrizketatzeko eta idazle eta pentsalari feminista antikapitalista pertsonalki ezagutzeko Zurichen.

Irribarrea ahoan, zerbait ari da gertatzen esanez hasi zuen Zuricheko hitzaldia, euripean beteriko harmailei begira. Horri buruz galdetu genion irratiko erredakzio feministakook gero, zer esan nahi ote zuen hitz horiekin. “Hainbeste jende hemen batzeak ez du Federicirekin zer ikusirik, baizik eta gero eta gehiago direla, konturatzen direnak, emergentzia batean bizi garela”.

“Bizitzaren prekarizazioa eta komertzializazioa, migrazio hiltzailea, feminizidioak, etorkizuna desastrea da eta jendea horren jakitun da. Orain kontua da nola antolatu, nola borrokatu hori eraldatzeko. Ez gaizki dagoenaren kontra, guk eraiki nahi dugun horren alde baizik”. Akademiako askok ez bezala, Abya Yalako emakume indigenen erresistentziak izan zituen eredu, komunitate borrokak mintzagai. Europa txuri kapitalista honetan, arrotz berak aipatutako antolatzeko moduak, indibiduoa, identitatea, ni-a eta egoa erdigunean diren mugimenduetan. Niretzat berriz, Euskal Herri okupatu bezala bizitako erresistentziak pentsagai.

Sorgin ehizatik hasi eta gaur egun arte patriarkatuak diziplinatu nahi gaitu gure gorputzak okupatuz, bortxatuz eta erailez

Nire gorputza territorio bilakatzearen kontzeptuaz aritu zen eta horren esanahiaren bi zentzuez, gorputza defendatzea delako lurra, herria, defendatzea eta ondorioz baita bizitza ere. Ezin ditugu gure emakume* gorputzak atzera irabazi, ez badugu bizi garen lurra, territorioa, irabazten. Lotura hori beharrezkoa dugu, leku segurua aske bizitzeko, eta kapitalismoa behin eta berriz hori eteten saiatzen da. Dantzatu, besarkatu, elkartrukatu, arazoez hitz egin… Gorputza borrokarekiko, lurrarekiko, herriarekiko lotura da.

Gure emakume* gorputzen kontrola etengabekoa da hainbat garaitan eta hainbat testuinguru politikotan. Gorputz hutsak bezala definituak, zentzurik gabekoak, lanak gorputz horren arabera banatuz, biologikoki-naturalki: etxeko zaintza, amatasuna… Sorgin ehizatik hasi eta gaur egun arte patriarkatuak diziplinatu nahi gaitu gure gorputzak okupatuz, bortxatuz eta erailez. Kapitalismoak, berriz, horiek ustiatzen ditu eta zaintza lanei balioa kentzen die.

Horregatik, gorputz okupatuak antolatuz eta erresistentzia territorio bihurtuz, greba feminista izango dugu tresna Euskal Herrian: kalean, espetxeetan, etxean eta lantokietan gure bizitzak erdigunera ekartzeko eta sistema iraultzeko!