argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Fikzio sozialak
Diana Franco 2023ko irailaren 05a

Mikel Laboaren Izarren hautsa abestia behin baino gehiagotan ekarri dut zutabe honetara, jakintasunez beteriko letra da-eta, abesti zabala gizatasun eta kosmosaren arteko harremanaren inguruan. Bertan badago zati bat zeinetan txirotasunaren inguruan hitz egiten den: "Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona, bere premiak bete nahian beti bizi da gizona".

1990. urtean, Adela Cortina filosofoak, Valentziako Unibertsitatean Etika eta Filosofia Politikako katedradunak aporofia hitza sortu zuen. Wikipedian irakurri dut poros grekotik datorren hitza dela eta txiroa esan nahi duela, beraz txirotasunari beldurra adieraziko luke aporofobia hitzak. Adelaren arabera, gizakion benetako beldurra da beste gizabanakoekin harremanak josterakoan haien "gabeziek" gu kutsatzea –"gabezia" kakotx artean, oso erlatiboa delako eta bakoitza hazia izan den lekuari eta barneratuta duen kolektibitatearen mundu-ikuskerari lotuta dagoelako–. Hala, pertsonok gure gizarteen parte izateko gaitzespenak ekiditeko ahaleginak egiten ditugu. Gure jatorrizko gabeziak atzean utzi nahi ditugu, gure gizartean bizitza on bat izateko bidean. Baina gizakion gizarteotan, aukerak izateko besteen onarpena behar da, gabezia horiek atzean utzi dituzula besteei ulertarazi behar diezu. Azken batean, onarpenak aukerak dakartza: lana, lagunak, zaintza, parte-hartzea, ongizatea...

Nola eta non adierazi zure bizitzan aukerak bideratu ditzaketenei zure bizitza ona dela? Onartua izan zaitezkeela? Azken hamarkadan, pertsona askok sare sozialetan aurkitu dugu lekua, geure baliagarritasuna adierazteko, geure bizitzen irudi on bat partekatzeko. Baina, hasiera batean aukera zirudienak beste kutsu bat du gaur egun, eta azkenaldian betebeharra dirudi. Bizitza ona duenak ere beharra sentitzen du: asko duenak bere aukera onak erakusten ditu, eta ez duenak bere bizitzaren inguruan fikzio bat erakusten du, mundu horren parte dela sentitzeko. Plaza digitalean dena ondo doan ilusioa sortzen gabiltza, eremu digitalean aporofobia bizi-bizirik dago, ez dugu bertan txirotasuna ikusi nahi. Beharrak ukatzeko, fikzio sozialak sortu ote ditugu?