argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Bero
Ula Iruretagoiena 2023ko irailaren 05a

Komunikabideetan behin eta berriz entzun dugu udaldirik beroena igaro dugula eta Euskal Herritik hegoalderako lurretan egon direnen artean ere bai, a ze bero! Iazko lehorte eta bero itogarria ez da aurten errepikatu gurean, gure landa eta basoak gusturago hartuko dute ikasturte hasiera. Baina planetaren tenperatura igoera, nabarmenagoa izan edo ez, larriagoa izan edo ez, gertatzen ari da. Beste eztabaida bat da, ea zerk eragiten duen planetaren berotzea eta nola eragin edo egokitu klimatologia berrira.

Maila domestikoan, klimatologiaren berritasunak presentzia hartzen ari dira. Berriki, etxeen zaharberritzeetan askoren kezka igarri dugu: gure etxeetan aire girotua edo haizagailu finkoen instalazio beharrik sekula bizi izan ez dugun arren, gaualdi itogarrien esperientzia-gorpuztu eta errepikatuek, gehi iragarpen kritikoek, auzitan jartzen dute etxeen tradizioa. Bartzelonako etxe zaharberritzeetan ez dago aire giroturik gabeko planteamendurik, ez dago kuestionamendurik, ur beroa edo berogailuaren behar-maila berdinean kokaturik dago. Baina gurean berritasun itzela da. Eskuko-haizagailuen salmenta altua omen da, aldizkakotasunaren seinale; baina etxea hozteko beharrak instalazio maila hartzen badu, egoera aldaketa baten zantzu argia izango da. Etxeen instalazioak beti gelditzen dira zaharkituak denborarekin, izan teknologia berriztapenagatik edota instalazioen segurtasun maila zorrotzagoak eskatuta. Nola eragingo duen klimatologiak etxeen arkitekturan, ez du erantzun arkitektonikorik.

Hirietan klimatologiak dagoeneko bere aztarna utzi du: klima-babeseko espazioen sorrera. Hainbat hiriburuetan liburutegi edo kultur-etxe klima-babeserako espaziotzat hartu dira, beroaldietan babesguneak izateko. Hara kulturak ekarriko duen beste funtzio bat herrigunera. Mediterraneoko hirietan gainera, poltsiko-parkeak sortzen ari dira han-hemenka, berdegune freskagarri gisa. Etxeetako egoera jasangarria bilakatuko balitz, agian hiriak babestuko gaitu freskotasun-bunkerretan.