argia.eus
INPRIMATU
Une hunkigarria
Xabier Etxaniz Erle 2023ko ekainaren 27a
'Armiarma oso lanpetuta dago' | Tstua eta ilustrazioak: Eric Carle | Itzulpena: Manu Lopez Gaseni | Pamiela 2023
'Armiarma oso lanpetuta dago' | Tstua eta ilustrazioak: Eric Carle | Itzulpena: Manu Lopez Gaseni | Pamiela 2023

Eric Carle idazle eta ilustratzaile estatubatuarra ezaguna da euskal literaturan. Izan ere, gutxik bezala, bada haren lan bat, The very hungry caterpillar, euskaraz hiru edizio ezberdin izan dituena: Gose handiko beldarra (Kalandraka, 2007), Beldar gosetia (Ikas, 2008) eta Beldar txiki gosetia (Kokinos, 2012), eta laster laugarren bat ere izango duena Pamielaren eskutik. Bestalde, 2012an plazaratu zen euskaraz Zaldi urdin bat margotu zuen artista (Pamiela), Franz Marc artista modernoaren omenez eginiko lana, eta bere lan askotan bezala, collagearen bidez, kolore biziak eta ezohiko konbinazioen baliatuta, lortu ohi du irakurlearen arreta.

Oraingo honetan Carlek aurretik erabili izan ohi dituen animalien irudiak agertzen ditu, trazo argien bidez eta collage moduan osaturiko animaliak; istorioa egitura errepikakorrean azaltzen digularik.

Armiarma bat dugu istorio honetako protagonista, amaraun bat iruten ari den armiarma. Animalia batzuk agertuko zaizkio ea itzuli bat egin nahi duen, belar pixka bat jan, larrean lasterka ibili, haitzetan saltoka, lohian iraulkatu… Eta armiarmak ez du inoiz erantzuten, ez die kasurik egiten, “oso lanpetuta zegoen”, harik eta oilarrak “euli gogaikarri bat harrapatu nahi?” galdetzen dion arte. Izan ere, zaldiak, behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak… galdetu izan diotenean ea beraiekin aritu nahi zuen, beti ageri zen euli bat animalia horiekin, azkenean amaraunean harrapaturik geratu den eulia.

Ezkerreko orrietan beti ageri da animalia handi bat hizketan (eta eulia), eskuinean, aldiz, armiarma dugu amarauna egiten; ezkerreko irudia aldatzen den bitartean, eskuinekoan armiarmaren lana garatzen ikusiko dugu, bi elementuak (animalia eta amaraunaren garapena) ikuslearen arreta erakarrita.

Egitura errepikakorrak, animalien ilustrazio erakargarriek, istorioaren eboluzioak… eta euliak nahiz amaraunek duten erliebeak (hatzekin nabaritzen dena) oso istorio gomendagarria eta egokia bilakatzen du Armiarma oso lanpetuta dago hau haur txikiei kontatzeko, haur txikiekin batera ikusteko, haurrekin, eta gero beraiek bakarrik, gozatzeko une hunkigarri batez.