argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Jakin-minaren mugak
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko ekainaren 27a

Egunero-egunero gosal dezakegu mundua bidegabea dela erakusten duten adibideekin. Ahal dugu hala delako, eta hala jasota geratzen delako medioetan, hala adierazita ez bada ere. Ez dugu egiten, zaila baita egunero errugabetasunaren, erruduntasunaren, arduren, materialismo historikoaren… logikak gosaritan askatzea, eta abiatu beharreko eguneroko ezinezkoan pribilejioren bat antzematea. Pribilejio batzuk sotilak dira batzuetan. Eta logika horiek zailduz ahularen etsai erraz egin gaitzaketen medioek berek eman digute bat-batean mundua bidegabea dela edonork ulertzeko moduko irudi hurrenkera. Bost pertsona Titan urpekarian; zazpiehun bat pertsona arrantzontzi batean. Eta ekipoak egin genituen: nor salbatu behar dugu?

Titanak zuku asko dauka. Nik neuk sinetsi dut “jakin-mina gero eta mugagabeagoa hobe”, nik neuk goraipatu ditut jakin-min hutsez egindako erokeria batzuk… jakin-mina entretenimendu hutsal bilakatzeraino. Guk ere sinetsi dugu bidaiatuz ikasi egiten dela, bidaiatzea ez dela inorentzat kaltegarria. Eta bidaia hori teknologia erakustaldi bat zen, erreskatea bezalaxe: gerrarako jostailuak baino zibikoagoak, aurrerapen aurrerapenagoak iruditzen zaizkigu azalpen zientifikoak behar dituzten salbamendurako tramankuluak. Eta batzuk salbatzeko hainbeste baliabide egonda, zergatik besteak itotzen utzi: hori izan da sutu gaituen galdera. “Itotzen uzten ditugu” izan da zigortu gaituena.

Kontua da arazoa lehenago dagoela. Ez dakit gosariko jakin-mina iristen den bidaia hasi aurrekoetara. “Batak ez du bestea kentzen” garaian bizi gara. Eta gezurra da. Batak ia beti kentzen du bestea. Zergatik hasten den bidaia bat, zergatik bestea. Zergatik ez lukeen hasi behar ez batak, ez besteak. Zergatik batak eragiten duen bestea. Zergatik bata ez hasteko, ez lukeen hasi behar besteak. “Nor salbatuko dugu?” galdera bera tranpa bat da. Batzuk salbu zeudelako lehenago ere, besteak ez direlako inoiz egongo. Batzuk biografia zirelako lehenago ere, besteak zenbaki. Berez, ez zegoen konparatzeko ezer.