‘Laia’ aldizkaria, ARGIArekin batera

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta inguruko bailaretako beste herri batzuetan banatzeko sortutako argitalpena da, zonaldeko Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) erakutsi eta ekonomia egiteko beste modu bat kontatzeko helburuz sortua.

ARGIAri bere astekariaren banaketa baliatzeko proposamena egin zioten 2020an, eta etxe honetako balioekin bat egiten duen proiektua izanik, elkarlana hasi genuen. Ez da inguru horretan BDSKOOPeko kideekin egiten den elkarlan bakarra –bizikleta bidezko banaketa sistema jasangarrirantz egin izan da saiakera lehenago ere–; harremana beraz ondua zegoen, OlatuKoopeko kide ere badiren heinean.

Lau hilabetean behin kaleratzen den Laia aldizkariaren hamargarren zenbakia banatu da ARGIAren ekaineko azken astekariarekin, eta zifra borobila profitatu dute hainbat gairen inguruan aritzeko. Aurreko zenbakietan ere askotariko gaiak jorratu dituzte, beti ESEren ikuspegitik landuak: lurralde, lan eta informazio burujabetza, zaintza lanak, kontsumo arduratsua, kooperatibismoa, ekonomia sozial eta eraldatzailea, arkitektura, feminismoa… eta askoz gehiago, elkarrizketa, editorial eta erreportaje formatuetan.

Kooperatibagintza da proiektuaren ildo nagusietakoa, eta hain justu hamargarren zenbakiko editorialean horri buruz jardun dira: “BDSKOOP osatzen dugunok uste dugunez, kooperatiba izatea ez da, bere horretan, helburu bat”, dio editorialak. Eurentzat kooperatiba tresna bat da, erabakien gaineko eskumena eman eta autokudeaketan laguntzen duen bitartean, gizartea aldatzeko erremintak aztertu eta frogatzeko aukera eskaintzen duena. Eta hori bete betean dator kooperatibagintzaz ARGIAn dugun ikuspegiarekin.

Bidasoaldeko eta inguruetako lagunok, zorteko zarete urtean horrelako hiru aldizkari jasota ARGIArekin batera. Besteok, sarean irakurtzeko aukera duzue: www.bdskoop.eus/laia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA