argia.eus
INPRIMATU
Naziogintza eta politika Euskal Herrian
Karmelo Landa @karmelolanda 2023ko ekainaren 21a

Zer galdu zaigu euskaldunoi Espainian? Eta Frantzian? Parte hartu behar dugu haien politikan, hauteskundeetan, instituzioetan? Eta horrela bada, zer baldintza eta helburu lehenetsita?

Euskal Herria herria da, baina nazioa edo nazio-proiektua ere bai (une honetan beste bi naziotasun inposatu asimilatzaile jasan eta “gure egin” behar ditugun arren), eta estatu propioa izan beharra daukagu horretarako. Naziogintza behar dugu, ezinbestean. Europa zahar honetan, euskaldunon herria da zaharrenetarikoa eta, zentzu askotan, interesgarrienetakoa ere bai, eta ez iraganari begira soilik, baita aurrera begira ere.

Etorkizuna hobetzera begira bizi garen herritar aurrerakoiak gara gehienak. Baina bide propioa zabaldu behar dugu, ez beste bi makroestatu asimilatzaile horien mende subsumiturik nekez bizi, orain gauden eran.

Euskaldunon herriak iraun eta nazio demokratikoaren egitura lor dezan, euskara eta euskal kultura polisistema osoa antolatu behar ditugu. Hizkuntza propioa nagusi lurralde osoan; hezkuntza sistema beregaina; komunikazio sistema euskalduna, munduari irekia; instituzio legegile, exekutibo eta judizial demokratiko beregainak; gizarte antolaketa justu berdinzalea; nazioarteko komunitatearen onespena eta errespetua.

Euskaldunok, katalanak bezala, saiatu gara, bakoitza gure bidetik, independentziara eta Estatu propioa antolatzera jauzia egiten. Saio serio, larri eta indartsuak izan dira bionak. Ez dugu lortu, arrazoi desberdinak medio, baina batez ere gainean ditugun Estatu bi horiek, eta modu nabarmenean Estatu espainiarrak, frankismoan zein trantsizioaren estatu deituan, era guztietako bortxa, manipulazioa, indarra, etnozidioa, debekua eta errepresioa darabiltelako gure aurka. Euskal Herriari edota Kataluniari bidea itxi nahi dietenean, ez dago Estatu horien aldetik demokraziaren trazarik.

Hurrengo hauteskundeetan berriz ere EH Bildu indartu? Egokia izan daiteke, baina naziogintzaren zerbitzura jartzen bada

Zer egin orduan? Nola hautsi kristalezko sabaia edo burdinazko hesia? Aldebikotasunik ezin pentsatu ere egin, gure helburu guztiz legitimo eta ezinbestekoak horiek izanda eta Estatua den modukoa izanda, PSOEren edota PPren gobernua izan berdin dio, kontu honetarako.

Kontu printzipal honetan Espainia demokraziara eramatea ameskeria kaltegarria baino ez da, ikusten dugunez. Estatu hori monarkia hierarkizatu aldaezina da, eta sistema instituzional eta mediatiko osoa bere zerbitzura dauka, sistema politikoa barne. Alderdi nagusiak, PP eta PSOE, monarkia horren zerbitzari zintzoak dira, eta haratago sortzen diren alderdiak, zentroan zein nazio periferikoetan, sistema beraren legeetara makurrarazten dituzte. Ikusi azken adibideak: Katalunian, ERC eta horren bidea, “berdinen arteko elkarrizketa” proposamenetik, erreferendum berri adostua eta amnistia eta abarretik… herritar katalanen konfiantza galdu eta horrekin 300.000 boto ere galtzera. Ikusi Podemos, udaberriko errebolta haietatik PSOEren gobernuaren partaide izan eta PSOEk berak, operazio programatuan, beste “ezker” asimilatuagoaz ordezkatzera. Ikusi gurean EH Bilduren esperientzia gordina, kontrapartidarik gabeko laguntzak eskaini, eta etxe barruan indar “gehiegi” hartzen ari dela iruditu zaienean, etorkizun aukera guztietatik apartatu eta baztertu, kriminalizazio berrituak asmatuta.

Orduan, hurrengo hauteskundeetan berriz ere EH Bildu indartu? Egokia izan daiteke, baina naziogintza/herrigintzaren zerbitzura jartzen bada, ez Madrilekiko “jarraitasuna” lehenetsita.

Egingo ahal dugu Naziogintza oraingoan!