Minbizia, Mendebaldeko demokraziaren arma

Axier Lopez
2
Mona Chalabiren infografia The Guardianentzat

2003ko martxoan Irakeko gerra abiatu zuten Mendebaldeko potentzia nagusiek Saddam Husseinen gobernuak suntsipen handiko armak zituelakoan. Orduan argudio sinesgaitza zena, handik gutxira argi geratu zen AEBetako gobernuak eta bere mariatxi europarrek (Espainiako Estatua tartean) goitik behera asmatutako gezurra zela. 20 urte pasa dira “Askatasuna Irakentzat” operazio militarretik, eta negargarriak dira emaitzak irakiarrentzat: hildako, zauritu eta mutilatu saldoa, azpiegituren suntsiketa masiboa, ekonomia lehertuta, indarkeriak bizirik darrai, gobernagarritasun eza… Baina bi hamarkadaren ostean ere azaleratzen jarraitzen dute Mendebaldeko “demokraziek” Iraken egindako ondorioek: Hiroshimako bonbardaketek baino ondare toxiko okerragoa utzi du inbasioak, Christopher Busby doktore britainiarrak zuzendutako ikerketa baten arabera.

AEBak Irak bonbardatzen hasi eta gutxira, medikuek ohartarazi zuten minbizi-tasa eta jaioberrien “anomaliak” izugarri handitzen hasi zirela. 2010ean, ikertzaileek frogatu zuten hori ez zela anekdotikoa. Fallujan, leuzemia-tasak %2.200 handitu ziren eta haurren minbiziak %1.260 egin zuen gora. Halaber, ondorioztatu zuten garuneko tumoreak %740 hazi zirela eta haurren heriotza-tasak %820 handiagoak zirela inguruko herrialdeetan baino.

Busbyk azpimarratu duenez, “minbizi-mailak harrigarriak dira”, eta “Hiroshiman irradiazio gehien jasan zuten pertsonek jasandako efektuak Falluja osoan baino txikiagoak izan ziren”.

Azalpena sinplea da: uranioa. The Guardianek argitara eman duenez, ikertzaileek uranioa aurkitu zuten emakumeen ilean eta, beraz, ondorioztatu dute AEBek uraniozko armak erabili zituztela Iraken (antzeko frogak aurkitu ziren Gazan, non Israelek uraniozko armak erabili zituen 2006an zibilen aurka). Uranio pobretuak 4 mila milioi urte baino bizitza luzeagoa du batez beste, gutxi gorabehera Lurraren adina. Beraz, Irakeko milaka kilometro lur kutsatu dira betiko.

Suntsipen handiko armak suntsitzera ei zihoaztenek suntsipen handiko armak erabili zituzten demokrazia, askatasuna eta bakearen izenean.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA