Bizi dugun garaiari estuki loturik dator taldearen izena. Desgaraian datozen argi-ilunak manifestatu dituzte Gauden aldian diskoan, minez, atsekabez eta amorruz jasaten duten basakeria zartatzeko asmoz. Mina dakarte betazaletan, baita belaunburuetan ere. Testuinguru belikoak eta pobretze masiboak eragindako mina, besteak beste. Askoren artean partekatua den desilusioa, gutxienez.
Problematika ugari landu dituzte pop doinu ederrez blaitutako kopletan. Etxebizitzarena da horietako bat: oinarrian porlana besterik ez duten urbanizazio planak, “etorbide antzuetan landatutako bloke koloretsuak”, txikiparkak diruditen Gasteizko auzune koloretsu, zabal eta eraikin altuetan pentsatzera eramaten gaituztenak... eta “postaletara esnatzea” bezalako kontuak ere bai hizketagai, aski ezagun zaizkigunak kostaldean bizi diren ustezko pribilegiatuentzat. Ausarkeriarik ere badakarte, ordea: “Kostako herri ustiatuetan / eraisten eta altxatzen diren / habeen karranka / gazte tematuak / orubeok birjabetu nahian”.
Desgaraian datozela esan arren, eta kritiketan azpimarra jarrita ere, sumatzen da badagoela desesperaziotik harago doan jarrerarik. Eraiki asmo dutelako eraitsi nahi dute sistema; eta ez eraitsi, eraiste hutsagatik. Badira argi izpi batzuk, ageri da esperantza, jardun politiko eta kolektiborako deia. Kritikatik eraiki nahia, alegia. Gogoan dut Berria egunkariari Jon Gurrutxaga taldeko abeslariak esandako hau: “Ezin duzu kantatu zoriontsu izango garela eta edertasuna gugan gorpuztuko dela, egunero beldurgarrizko egoera miserablean baldin badago jendea”. Horregatik, errealitateari ihes egiteko, ihes bete horri “urratsak ostu beharra” jartzen dute mahai gainean, eta “itzultzeko modu bat finkatzen” hasteko garaia dela, honezkero premia bihurtu delako.
Zoriontsu izateko eta ez-dakit-zer gehiago esaten den garaiotan... “non da bizitza jateko gogoa / jende ederra ezagutzekoa” koro bete-betean kantatzen entzutea plazer handia da. Zuk bera jan beharrean, ez ote zaituen bizitzak zu jaten. Koro horretan eztarriak utzi genituen geuk ere Azpeitiko Gaztetxean eskaini zuten disko-aurkezpen kontzertuan. Parean tokatuz gero, egin faborea, utzi balizko diskrepantziak eta joan zuzenekora; diskoa bera mundiala bada, aurrez aurrekoak aberasten du-eta.