Ura da falta dena, ala egiazko konponbideak?

Axier Lopez
0
Argazkia: AP / Emilio Morenetti

Duela urte batzuk, artikulu hau ilustratzen duen argazkia nongoa den galdetuko baligute, seguruenik, gehienok erantzungo genuke “Afrikan, nonbait”. Gure begirada eurozentristaren makurra alboratu gabe, beste kontinente bateko kontu urrunak zirela ziruditen lehorteak edota desertifikazioak. Duela pare bat astekoa da argazkia, Bartzelonatik 85 kilometrora egina, Sau urtegian. Egun bere gaitasunaren %7an dago beteta, minimo historikotik oso gertu: %6,5 1990eko apirilean. Kataluniak bere historiako lehorterik handienetakoa bizi du. Bartzelonako Fabra Behatokia 1914an hasi zen erregistratzen eta ordutik 2022 eta 2021 inoizko urterik lehorrenak izan dira. 2023 ildo beretik doa.

Urrutikoak edo koiunturalak iruditzen zitzaizkigun klima-prozesu “berri” hauek nola kudeatzen ari garen ikusteko adierazgarriak dira Sau urtegian hartutako neurriak. Azken asteotan txalupa bat urtegiko arrain guztiak arrantzatzen hasi da, ondoren erraustegi batera eramateko. Operazioaren helburua urtegitik ahalik eta arrain gehien ateratzea da, oxigeno faltagatik hilez gero, ura kutsatu ez dezaten eta gizakiarentzat “erabilezin” bihur ez dadin. Konponbidea: masiboki hiltzea – hirurogei tona animalia –. Espezie inbaditzaileak dira guztiak. Eta guztiak gizakiek nahita sarrarazitakoak. Karpak adibidez, ibaietan eta lakuetan sartu zituzten kirol-arrantza sustatzeko.

Kataluniako 15 eskualde, 224 udalerri eta 5,9 milioi biztanle daude Generalitateak ezarritako salbuespen-egoeraren eraginpean. Beste askoren artean, ondorengo murrizketak ezarri dizkiete: nekazaritzarako uraren %40ko murrizketa, industriarako %15ekoa, 230 litro biztanleko eta eguneko. “Ezin zaie herritarrei murrizketarik jarri eta, aldi berean, turismoa sustatzen jarraitu makroproiektuekin, hala nola Joko Olinpikoekin, Hard Rockekin edo Prateko aireportuarekin. Zer herrialde eredu nahi dugun eztabaidatu beharrean, herrialdea salgai dagoen parke tematiko bihurtzen jarraitzen dute”, salatu du CUPek.

Aigua es vida elkarteak uraren kudeaketa eredua birpentsatzeko eskatu du, eta ohartarazi du, egungo egoera gordinetik harago, lehorteak ohikoagoak izango direla eta Katalunian “2051n %22 ur gutxiago izango dutela, eta horrek gora egingo duela”.

Argi dagoena da, Euskal Herrian ere, lehen koiunturaltzat ikusten genuena gero eta ohikoagoa bada, egiturazko arazo bihurtzen dela. Eta beraz, egiturazko konponbideak behar direla, eta ez petatxuak.

Ura, eskubide

Uraren Mundu Eguna dela eta, joan den asteazkenean abiatu zen NBEren Uraren Konferentzia, ur-baliabideak babestea eta ur eta saneamendu egokia mundu guztiaren eskura jartzea helburu. Bileran klima aldaketak eta kutsadurak areagotutako “ur gezaren krisiaz” ohartarazi zuten. NBEren kalkuluen arabera, 2.300 milioi pertsona bizi dira estres hidriko handia duten herrialdeetan, 2.000 milioi pertsona inguruk ez du ur edangarririk, eta munduko biztanleriaren ia erdiak giza hondakinak tratatzen ez dituzten saneamendu-zerbitzuak erabiltzen ditu. Ur-eskasia hirietara ere zabalduko dela aurreikusten dute: 2016an ur hornidura falta zuten 930 milioi hiritar izatetik, 2050ean 1.700 eta 2.400 milioi pertsona izatera pasako ei da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA