argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA
Ibiltzen, ibiltzen
Itziar Moreno Martínez 2023ko martxoaren 22a

"¡Moreno, baje a notificaciones!". Beherantza noa, azkar ibiltzen, urdaila korapilatuta. Paper mordoa luzatzen didate: "Firme aquí". "Zer da?", mesfidati. "Se decreta libertad inmediata" ("Berehalako askatasuna dekretatzen da"). Ffffssst...! Burmuinetik oinetara husten naiz, kolpe batez erortzen den treskaren ura legez. Holaxe, deblauki: barrutik kanpora irrist, tripek, odolak eta hezurrek.

Lipar hartatik aurrera, oroitzapenen argazki-sekuentzia azkar bat baino ez, bizitzak abiadura hartzen duen lekuko. Puskak jaso, ziega garbitu. Aurrena, moduluko neskak agurtu: "Aupa neskak, animo, gora emakumeon arteko elkartasuna, kartzelak apurtu!!". Hurrena, kideak agurtu... ai. Ni oinez eta eurak denak han, batzuk zain eta besteak bidean. Glups. Hamar, hogei, berrogei besarkada sentitu; hamar, hogei, berrogei irri grinatsu; laurogei oihu indartsu, eta nik ezin eutsi laurogei malko horiei.

Nola atera kalera horma artean 33 urte bete dituena barruan utzita? Oraindik ere zigor baldintzetan dauden horiek guztiak utzita? "Kartzela bidezkoa" ezinezko oximorona izango da egun eta eguzki

Nola atera kalera horma artean 33 urte bete dituena barruan utzita? Oraindik ere zigor baldintzetan dauden horiek guztiak utzita? Esan nahi baita, Euskal Herrian egonagatik, kartzelak ez direla inolaz bidezkoago; "kartzela bidezkoa" ezinezko oximorona izango delako egun eta eguzki. Gatibuarentzat beti izango baita lurralde arrotza zigor eremua. Kontraesankorra ere, akaso, oraindik puskatan den gatazkaren errepidean alde bakarra berrosatzen tematzea.

Agur hunkitu hartan, aldiz, denen begietan ikus nezakeen bakarra maitasuna zen eta, ororen gainetik, kartzela urteen gaineko duintasuna, iraultzaren lorratza, elkarren harrotasuna. Luzaz giltzapetuak, neholaz ere garaituak. Geroztik, bakoitzaren zati bat daramat soinean; ez da zama astuna, ordea, harrotasunez hegalarazten nauen borrokaren oinordetza baizik. Bada, orain, ordezko oin horiekin ibiltzen dihardut, pausoz pauso, iragana etorkizun bilakatzeko nahi eta saiatze horretan, ibiltzen.

Kilometro bat oinez, ibiltzen, ibiltzen, kilometro bat oinez, zapatak puskatzen. Kilometro soil bat eta: zelan topatu duzu herria? Zelako aldaketa, dena aldatu da, ezta? Ohiturak ez dira lehengoak, militantzia moduak are gutxiago, egiaztatu duzu jadanik? Bon, aizue, badakizue zer? Noski garaiak eta moduak aldatu direla, baina… dabilen harriari goroldiorik ez! Borroka dela etengabe ibili beharreko bidea, alegia. Hainbat zapatekin eta baita oinutsik ere ibili izan dugun bide berean aurrera jarraituko dugu, bai horixe; maparekin edo gabe, euritako bakarrarekin estali barik, norabideak beti bezain argia izaten jarraitzen duelako: askatasuna.

Bada, ibiltzen, ibiltzen, jarrai dezagun herria elkarrekin egiten.