UGT, irabazi arte

Gorka Bereziartua
0
Pepe Alvarez (UGT) El Mundo egunkariak antolatutako ekitaldian.

Ariketa bat proposatu nahi dizuet aste honetan. Jarraian esaldi bat kopiatuko dut eta haren egilea asmatu beharko duzue –Google erabili gabe, faborez– emango dizkizuedan aukeren artean.

Hortxe esaldia: “Nire ustez lan-eskaintza bati uko egiten dion pertsonak, formazioa eskaini bazaio, lan hori egiteko kualifikatuta badago, eta diru-laguntza publikoren bat jasotzen ari bada, bai langabezia, bai Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera, iruditzen zait estatuak planteatu beharko lukeela hori kobratzen jarraitu behar duen edo ez”.

Ideia distirant hori ahoskatu du:

a) Patronaleko buruak.

b) Presidenteak.

c) Esklabista batek.

d) Sindikalista batek.

Erantzun zuzena jakingo duzu, noski, zure belarrietaraino iritsi bada pasa den astean Pepe Alvarez UGT sindikatuko idazkari nagusiak El Mundo egunkari libertifatxaren ekitaldi batean langabezia-saria mozteaz esandakoa. Baina bestela, penkatzeko diseinatutako test bat da, aitortzen dut.

Adierazpena nondik datorren kontuan hartuta, harritu-harritu ere ez du egiten, hori ere esan behar da. UGTri buruz ari baikara, azken finean. Alegia, azken hamarkadetan “paktua”, “lasaitasuna” eta “konkordia” bezalako kontzeptuen inguruan biribilketa alegeran dantzan ibili den erakunde bat, PSOEk gobernatu duen garaietan ekintza sindikala Broadwayko musikal bihurtzea ere serioski planteatu izan duena.

Nobedadea, beharbada, adierazpen honek sindikatuan bertan eragin duen erreakzioa izan da, berehala atera baitira Alvarezen ekipoko zenbait ordezkari esatera “ez direla hitz oso egokiak” izan, pixka bat “Pepe, praketa irekita daukak” komentatuz bezala. Ez dela komeni hainbeste erakustea, alegia. Batez ere kontuan izanda Espainiako Estatuak dagoeneko ken diezazkizukeela langabeziako diruak, baldintza jakin batzuk dituen eskaintza bati ezetz esaten badiozu –hiru hilabeteko paroa kentzen ahal dizute, adibidez, bizi zaren herritik 30 kilometroko radioan dagoen lanpostu bati uko eginez gero, eskainitakoa zure ezaugarrientzat egokia dela uste badute–.

Gauzari nondik heldu nabilela, Sergio Leonek zuzendutako spaghetti western baten tituluan –Zintzoa, gaiztoa eta itsusia (1966) oinarritutako hipotesiak formulatzen hasi naiz. Zintzoa: Alvarezi eskapatu egin zitzaion, akats bat izan da, ez dago atzean ezer gehiago bilatu beharrik. Gaiztoa: gai honetan iritzi publikoari tenperatura hartzeko pertsona egokiena sindikatu bateko burua izan liteke. Akaso bulegoren batean jada erabaki dute langabezia kobratzearen istorio horretan libertinaje handiegia dagoela eta mozten hasi behar dela.

Eta itsusia –“nazbol hipotesi” gisa ere ezaguna–: azkenaldian, sektore batzuetan, beste herrialdeetatik inportatutako lan-indarra kontratatzeaz hitz egiten ari dira –merkeago, esan beharrik ez dago–; eta testuinguru horretan hitz egin du Alvarezek. Gauza gehiago ere esan ditu, gainera. Adibidez: “Ezin da esan Espainian ez dagoela eraikuntza-sektoreko langilerik, 3,5 milioi langabetu izanda”. Beste hitz batzuekin: Espainiako Estatuko langabetua bazara hartu eskaintzen dizuten edozein lan, kanpotarrak ekartzea okerragoa izango da-eta.

UGTko buruaren bonbereneko ideia horren atzean hipotesi horietako edozein egonda ere, kontent izango dira goi-estamentuetan: Frantziako Estatuan erretreta hartzeko adina 64 urteraino luzatzeko asmoen aurka mobilizazio historikoak ikusten ari garen garai berean, ez dirudi greba orokor bat deitu gabe hamar urte baino gehiago daramatzan zentral sindikalak aurrerantzean ere problema handirik eragingo dienik. “UGT, irabazi arte!” oihuka imajinatzen dut gorbatadunen bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA