Irakurrienak

Gorka Bereziartua
0

Pasa den ostiralean eman du berria Bartzelonako Udalak: L’Avenç aldizkariari Meritu Kulturalaren Urrezko Domina emango diote, “Bartzelonan eta Katalunian kulturaren eta ikerketaren alde egindako lana aitortzeko”.

Azken geltokiko aitortza da, 1977an zenbait historialari ezkertiar eta katalanistak sortutako agerkariak duela gutxi iragarri baitu 500. zenbakia publikatzearekin batera utziko diola paperean agertzeari. Frankismo osteko astinaldian Kataluniaren historia berreskuratzeko lan dibulgatibo handia egin zuen L’Avenç-ek; eta mende aldaketarekin batera, “maila eta anbizio europarreko aldizkari kultural” bihurtu zen, Josep Maria Muñoz zuzendariaren hitzetan.

Aurtengo apirilean publikatuko da aro horretako azken aldizkaria, edizio digitalak eta aldizkariaren izen bereko argitaletxeak martxan jarraituko duten arren. Sos faltak bultzatuta hartu dute erabakia, noski: harpidetzak urri eta alekako salmenten bataila zail, kioskoak eurak ere kasik telefono-kabinen destinu petral bera izateko bidean diren garai hauetan.

Kontu hau dakart, besteak beste, euskarazko hedabide bakar batean ere ez nuelako ikusi L’Avenç-en agurraren berririk. Horrek pentsarazi zidan Kataluniara inbidiaz begiratzen dugunean, agian gehiegi erreparatzen diegula emaitzei –gurea baino egoera soziolinguistiko hobea duen hizkuntza, sendotasun handixeagoko sektore kulturala–, eta gutxiegi, aldiz, horiek lortzeko erabili dituzten tresna konkretuei.

Pentsarazi zidan, baita ere, guk han eta haiek hemen egiten dituztegun –bai, aditz hori asmatu egin dut– opor guztiak gorabehera, ez daukagula elkarren ezagutza handiegirik maila turistikotik harago, turismo politikoa ere funtsean turismoa besterik ez dela onartzen badugu behintzat.

Ari nintzen, beraz, zilizioa ondo estutzen zidaten ideia horiei bueltaka, okurritu zitzaidanean begiratzea nola eman zuen Kataluniako irrati-telebista publikoak tamaina horretako galeraren berri. Webgunean ofiziozko notizia batez gain, hamar minutuko elkarrizketa ere egin zioten aldizkariko zuzendariari Més 324 saioan. Hura entzuten ari nintzela, begiak beste norabait joan zitzaizkidan. Eguneko notizia irakurrienen zerrendara: “300 kilo ezkur aurkitu dituzte etxe batean, okilek urte luzez bildutakoak”, zioen otsailaren 10eko top albisteak.

Orduan konturatu nintzen ez garela gu bakarrik geratu Kataluniako aldizkari ikoniko baten galeraz asko jabetu gabe. Katalan askoz gehiagok klikatu zutela egun hartan Kalifornian gertatutako randomkeria horri buruzko albistean L’Avenç-en desagerpenari buruzkoan baino.

Eta hedabide guztien webguneetan onartu dugun klikaren diktaduraren kontra apo eta sugegorri batzuk jaurti nituen ahotik; madarikatu nuen “trafikoa erakarri” beharra; gorrotatu nituen clickbait titularrak; akabatuko nuen inpaktuaren jonkiren bat.

Geroxeago, sentitu nintzen gutxi gorabehera Charlton Heston Tximinoen planeta-ko azken eszenan den-dena ulertzen duenean bezala, gogoratu nuelako orain txinpantze klikagarriek gobernatzen duten negozio hau sortzeko ezinbestekoak izan direla kazetaritzaren historiako aurreko faseetako espezie autosuntsitzaile guztiak –prentsa horia, prentsa arrosa eta banketxeek finantzatutako prentsa guztia, besteak beste–, beti egon baitira interesak informazioaren mundua kontakatilu hutsalen feudo bilakatzeko.

Kontsolamendu eskasa da, hala ere, ez baitakit inoiz egon ote diren helburua guztiz lortzetik hain gertu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA