Espetxeak eta zigorrak ere badute bere musika

argia
0
Laudioko ‘Txori Urdinak’ emanaldian Ziklone taldekoak (argazkia: Dos Por Dos)

 

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zer eta zertarako da espetxea? Zer zigor kodea? Zeri esaten diogu birgizarteratze? Kartzelak present dituen herri honetan, nago gutxi hitz egiten dela beronen eraginaz eta zigorraren kulturaz. Milaka herritarren errealitatea dena, hormez kanpoko errealitatetik hain urrun. Preso sozial batek eramango gintuenik ere hausnarketa horietara ez zen askoren buruetan egongo. Baina kondena politikoa da, politikoarentzat zein sozialarentzat, eta bere 54 urteen erdiak baino gehiago sistema penalaren zurrunbiloan egin dituen Santi Cobos presoaren historia da horren erakusle.

Txori urdinak liburuan jaso ditu Santi Cobosen bizipenak Zigor Olabarria Oleagak, hau ez da albiste berria –2021ean argitaratu zuen ARGIAk liburua–, baina orain liburuaren aurkezpen musikatuarekin dabiltza Ziklone taldearekin, eta Laudion egin berri dute. Hitzez, irudiz eta musikaz osatutako saioa, Cobosen bizipenetatik abiatuta espetxeaz eta zigorraren kulturaz hausnartzeko.

Santi kalean zela jarri zuten liburuaren proiektua martxan, baina berriz espetxeratuta, azken elkarrizketak Zaballako presondegian egin zituzten. Ordutik egileak bisitatu ditu Euskal Herriko hamaika txoko liburua aurkeztu eta jendearekin espetxeaz, zigorrez, erresistentziaz eta biziraupenaz hitz egiteko. Laudiokoa desberdina izan da, ordea. Liburuaren lehen aurkezpenerako, irudi eta musika uztartzeko ikus-entzunezko saioa prestatu zuten, baina azken orduko arazoak tarteko, ezin izan zuten nahi bezala osatu. Izarran bai, egin zuten osorik ikus-entzunezko formatuan, eta izan zuen arrakasta ikusita, estilo bereko aurkezpen gehiago egitea pentsatu dute. Ziklone musika taldeak hartu du soinu bandaren ardura eta ez da kasualitatea, denak baitira, zuzenean edo zeharka, Santiren gertuko.

Eta hurrengoa?

Martxorako dute lotuta hurrengo saioa, Murgiako Gaztetxean. Ordubete ingurukoa da, bi zatitan banatua. Aurrenekoan egileak kontatzen ditu Santiren zenbait bizipen, presoaren joan-etorriak, eta haren ahots-mezuren batzuk ere ematen dira. Gero irekitzen da tartea hausnarketarako. Bigarren erdian espetxe sistema, zigorraren kultura, gure jarrera punitiboak eta balizko alternatibak dira ardatz. Horri guztiari pausa eta intentsitatea jartzen dizkio tarteka Ziklonek liburuaren hiru pasarte musikatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA