argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako intxaurrak, gerturatu eta lau
Ahoztar Zelaieta @Ahoztar1972 2023ko otsailaren 14a

Lehendakariak, gabonetako telebista-mezuan, Osakidetzan arazoak eta zailtasunak zeudela onartu zuen, eta otsailaren 1ean, Muruetako osasun-zentroaren inaugurazioan, lehen mailako arretan gabeziak zeudela. Iaz, EAJko pertsona batzuei lotutako enpresek Osakidetzaren mandatua jaso zuten lehen mailako arreta “berrantolatu” eta “berrizteko”, LKS eta Teknei-k, hain zuzen.

Azken urteotako kritika eta greben aurrean, Osasun Sailak milioika euro gastatu ditu urtero komunikazio-kanpainetan. Horietako asko EAJko pertsona batzuei lotutako agentzien eta hedabideen bidez kontratatu dira, kasuko, Mediasal eta Grupo Noticias.

EITBren albistegietan ezkutatutako propaganda instituzionalaren aurrean, Deustobarometroaren azken inkestak, 2022ko abenduan argitaratutakoak, adierazten du osasunarekiko kezka dagoela eta Osakidetzaren batez besteko puntuazioa 5era jaitsi dela. Gainera, OSEKIren arabera –Euskal Herriko Unibertsitateko osasun eskubidearen aldeko ekimena– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasungintzara bideratzen dituen baliabideei dagokienez, biztanle gehienek uste dute azken urteetan behera egin dutela.

Madrilgo koordinadorak aipatu du esperimentua ez dela berria, Osakidetza aipatuta: "EAEn, ez dago kontratazioaren gaineko kontrol politikorik"

OSEKIren artikulu batek dioen bezala, korronte neoliberala Osasuna Zainduz Planean gauzatu zen 1990eko hamarkadaren hasieran. Osasuna Zainduz Plana Iñaki Azkuna Osasun sailburuak (1991-1999) eta Rafa Bengoa Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariak (1991-1995) sortu zuten. Urte batzuk geroago, osasun-zentroak inauguratu zituzten Bilbon, Azkuna hiriko alkate gisa eta Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu zela (2009-2012). Rafael Bengoa aholkularitza enpresa batean zuzendaria da orain, eta Madrilgo 12 de Octubre ospitalea bere bezeroetariko bat da.

Osasuna Zainduz planak defendatutako kontratazio eredua Madrilgo Erkidegoko Osasun Sisteman martxan jarri nahi dute orain. Horren aurrean, Madrilgo osasunaren pribatizazioaren aurkako koordinadorak kritikatu du “diru publikoa enpresa pribatura ahalik eta arinen transferitzea” dakarrela, hau da, “Zuzenbide Publikoak kapital pribatuak altxor publikoaren erabilera gardena eta kontrolatua ziurtatzeko ezartzen dituen mekanismoak ezabatuz”.

Madrilgo koordinadorak aipatu du esperimentua ez dela berria, Osakidetza aipatuta: “Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, ez dago kontratazioaren gaineko kontrol politikorik, soilik Herri-Kontuen Euskal Epaitegia, erakunde teknikoa baita, eta aurrekontu-legeak soilik gastuaren muga ezartzen baitu”. ELA sindikatuaren ustez, Isabel Díaz Ayusok euskal oasiaren harribitxiaren erritmoari jarraitzen dio.