argia.eus
INPRIMATU
Gorka Lazkano, 'Irati' pelikularen euskara arduraduna
"Ikertzen hasi eta ikusten duzu ez dagoela ezer jasota"
  • Atzeko lanik gabe ez dago pelikularik, eta kameren beste aldean uste baino jende gehiagok ditu ardurak. Errodajera iritsi baino dezente lehenago ekin zion lanari Gorka Lazkanok; liburu artean pasatu ditu ordurik gehienak, batari eta besteari bisitak eginez, ideiak bilduz eta ondorioak ateraz; finean, ezer gutxi frogatua dagoen garai bateko linguistikaz. Errementarin egin zuen; orain Iratin egin du. Lazkanok egokitu du euskara VIII. mendera.

Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2023ko otsailaren 14a
"Uste dut asko aldatu dela panorama; euskara gero eta naturalagoa egiten da antzerkian, zineman eta literaturan. Guk ere kate horri eman diogu segida". (Argazkia: Dani Blanco)

Paul Urkijoren apustua eta erronkari heldu diozu zuk.
Denboran atzera egitea gustatzen zaio, mitologiaren bitartez iraganera bidaiatu, eta hizkuntzari garrantzi handia ematen dio. Jokaldian sartzen naiz ni.

Ordu askoko lana.
Bai, bai. Eta buruhauste dezente. Baina gustuko terrenoa da. Kasu bakoitzerako gehiago dokumentatu behar izan dut, eta gehiago edo gutxiago egokitu.

Nola egokitzen da hizkuntza bat ezer gutxi dakigun garai batera?
Hori da lehenbiziko galdera: zer zegoen garai hartan? Ikertzen hasi eta ikusten duzu ez dagoela ezer jasota. Lehen esaldiak XI. edo XII. mendekoak dira.

Teorizazio bat badago, VIII. mendean euskara batu zaharra deritzon zerbait bazegoela dioena. Batasun bat-edo, dialektoen aurreko agertoki edo egoera. Horren ezaugarriak definitzeko autoritate filologikoengana jo nuen: liburu, sareko testu eta adituengana. Iñaki Camino, Koldo Mitxelenaren Fonética Histórica Vasca, tesi asko daude ere bai...

"Kolorea eman nahi izan diogu hizkerari, azterketa filologikorik egiteko asmorik gabe"

Zerbait argia, zehatza eta erabat ziurra topatu duzu?
Ez, ez. Hizkuntzaren bilakaera nolakoa izan den, hor kontsentsu bat egon daiteke; baina gero, noski, teorizazioaren adarrak mila dira. Nire zeregina gidoiari kolorantea ematea izan da, eta ez azterketa filologiko bat egitea; horregatik, lizentzia batzuk hartu ditugu apropos, jakinik berez "zuzenagoa" zela beste molde bat erabiltzea. Finean, kolore pixka bat eman nahi izan diot hizkerari, beti ere saiatuz ikerketa filologikoetara ahalik eta gehien gerturatzen.

Zein lizentzia hartu dituzu?
Eztabaidagarriak izan daitezke batzuk. Adibidez, h asperendunaren kasuan, kontsentsu zabala dago eta Arabaraino heltzen zen probak ere badaude, guk dakigula, XI. mendean. Toponimia bazegoen behintzat. Pentsa daiteke beraz, edo hala hartu dugu, h asperendunaren fenomenoa oso zabaldua zegoela aurretik ere. Hitanoa egitean, adibidez, ez alokutiboa egitea erabaki dugu; hori ere polemikoa izan daiteke.

Zergatik?
Xabier Quintanak-eta defendatzen dute XVI. mendean hasi zela finkatzen, baina hori baino lehen ezer gutxi.
Dena den, pentsatu genuen ere jende askok hitanoa ez dakienez, ba beno, errazteko modua izan daitekeela ez alokutiboa erabiltzea. Hitanoa sartu dugu bai, baina guztiontzat ulergarriago izateko eran. Ez da gure zeregina hitanoa irakastea.

Ulergarri izatea xede.
Bai, ulergarria eta sinesgarria, biak uztartzea.

Dani Blanco / ARGIA

Aditz-formak ere aipa ditzagun. Zer nolako eta nongo formak gailentzen dira?
Joseba Lakarrak-eta esaten dute zubererra eta erronkariera izan zitezkeela euskara zaharrenaren dialektorik gotorrenak. Hortik hasi nintzen, esaterako, -kin deklinabidea beharrean -kila erabiltzen. Hasieran erabiltzea pentsatzen genuen; gerora, ulergarriagoa izateko kendu genuen. Hori bezala beste hainbat elementu.

Aditz sistemarekin ere gauza bera: batuaren aldeko apustua egin dugu, baina nahasketa dago batu zahar eta modernoaren artean. Euskara batu fantastikoa sortu dugu.

Beste elementu bat koloranterako: fonetika.
H asperendunak non jarri; eztabaidagarriak izan daitezkeen hainbat erabaki hartu ditugu tonalitate bat izateko, homogeneitasuna emateko, gutxi gorabehera denek antzera hitz egin zezaten, nahiz eta erregistroak ezberdinak izan. Horretan asko lagundu ninduen Elisa Almandozek; irakurtarldi batzuk egin genituen Lekarozen, Baztan aldeko azentuazioa lantzeko.

Errementariko esperientzia ere baliagarri izango zitzaizun.
Laguntza zuzenagoa izan nuen Errementari pelikulan. Koldo Zuazorengana jo nuen orduan; berari pasatzen nizkion testuak eta iritziak ematen zizkidan. Honetan ez dut hori hainbeste bilatu. Oroitz Jauregi EHUko irakasleak aholku dezente eman dizkit, batez ere fonetikaren inguruan. Poza eman zidan berretsi zizkidalako ondorioztatuta neuzkan hainbat kontu: bustidurak eta j-ren yota ahoskera, esaterako.

"Eztabaidagarriak izan daitezkeen hainbat erabaki hartu ditugu tonalitate bat izateko, homogeneitasuna emateko"

Dualismoa ere bai: ezberdin hitz egiten dute herri xumeak eta herri kultuak.
Nik uste dut Errementarin nabarmenago geratu zela, baina hemen ere badago ahalegina. Herri xeheari ez nien sekula eta halakorik jarri; neologismoak oro har saihestu ditugu, baina kontakizunak eskatu du askotan. Adibidez, kontatu: ez da batere zaharra, baina erabili dugu ulergarritasunaren mesedetan.

Bestalde, lantinezko hitzak soilik nobleziak eta kleroak erabiltzen ditu.  Apaizak erabiltzen dituen hitzak, postulationea esaterako. Horrez gain, herri xeheko lagunarteetan-eta, bokalak jaten dituzte, "etorko da". Dialekto aldetik modernoagoa da bokalak jatea, baina herri-hizkera horri kutsua ematen dio bereizketak. Errimekin hitz egiten dute paganoek, adibidez.

Askotan agian ez zaio hainbeste erreparatzen hizkuntzari, ala?
Hobe, uste dut. Atentzioa ematen duenean beti txarrerako izaten dela esango nuke. Orokorrean diot. Uste dut asko aldatu dela panorama; euskara gero eta naturalagoa egiten da antzerkian, zineman eta literaturan. Guk ere kate horri eman diogu segida.

Paulek gidoiak zuri pasatu, zuk euskara egokitu, atzera Pauli... Eta aktoreei eman gero. Haiek gorpuzten dute gidoia. Hor ikusten da emaitza.
Aktore bakoitza bere erara ibiltzen da, bere lan munduan, hara eta hona, eta entseguak egiteko oso aukera gutxi egoten dira. Gidoiarekin batera prestatzen dizkiet hizkerari buruzko oharrak:  j nola esan, azentu hau egin behar da, azentuak markatu, bokal bilkurak... Aktore bakoitza etxetik etortzen da gehiago edo gutxiago landuta. Errodajean, elkartu eta batasuna bilatzen ahalegintzen gara.

Edurne Azkaratek kontatu digu hunkitu egin dela lan hau egitean.
Asko inplikatu da eta oso polita izan da, nik ematen diedan aholku sorta handi hori moldagarria delako. Niretzat sekulakoa da nik idatzi edo egokitutako gauza bat aktore handi hauen ahotan entzutea, baina ez da inoiz ezer itxia egon, asko daukate-eta gehitzeko. Nik baino mila bider esperientzia gehiago dute eta aktore askok izugarri landu dute euskara beraien ibilbidean.