argia.eus
INPRIMATU
Meloia
Amancay GaztaƱaga @lagatadepandora 2023ko otsailaren 06a
ANTTON OLARIAGA

Meloi bat, meloi bat irekitzera nator, sekulakoa da, handi-handia, handiegia.

Meloi hau da… MELOIA. Nik, egia esan, ez ditut meloiak gustuko, beraz, ez dakit zergatik hartu dudan gaurkoan meloi hau irekitzearen ardura… baina hemen gatoz: ni eta meloia.

Sasta, labana sartu diot… eta barruan… zera ikus daiteke: euskal klasismoa, euskaldunon klasismoa, euskaldunak ere bagara klasistak, euskaldun klasistak.

Esan dizuet meloi hau sekulakoa zela. Handia da handia, handiegia, eta neuk nahiz eta gustukoago ditudan sandiak, hemen nator meloi honekin.

Guretzat inoiz ez da ondo edo ondoegi, gehiago nahi dugu beti. Agian ez didazue ulertzen, normala, trakets nabil, baina lasai, oraintxe ausartuko naiz meloiari zati bat moztu eta postreko platertxo batera ateratzen.

Labanarekin meloiaren parte urtsuena hartu dut, hor duzue platertxoaren gainean. Zati horrek honela dio: euskararen zaindari diren/garen sasi-intelektual kulturetak. “Dios, ez dakit zergatik nabilen honetan”.

Ze klasistak garen, benetan, eta hementxe nire afirmazioaren arrazoia: zergatik sentitzen dugu euskara ikasten ari den bati DENA zuzentzeko beharra? Ziur badagoela euskaraz ikasten ari den norbait zure inguruan. Imajinatu pertsona horrek urteak daramatzala ikasten eta oraindik ez duela ongi hitz egiten. Zenbat aldiz zuzendu diozu esaten duena berak ESKATU gabe? Pentsatu. Nola apurtu lezake persona horrek hitz egiteko orduan duen konplexua, nola jolastu lezake persona horrek hizkuntzarekin, DENA zuzentzen badiogu?

Ze klasistak garen, benetan: zergatik sentitzen dugu euskara ikasten ari den bati DENA zuzentzeko beharra?

Jarri zaitez egoera honetan: zenbat aldiz hitz egiten duzu ingelesez egunean? Zenbat aldiz esaten duzu kanpoko talde baten izena eta film edo serie baten izena beste hizkuntza batean? Zure/gure azentu penagarriaren kontzientziarik baduzu? Zer gertatuko litzaizuke ondokoak, une oro, esan duzun hori zuzenduko balizu?

Oporretara joaten zara Landetara eta zure frantses barregarria probatu nahi duzu. Niri behintzat ez zait inoiz gertatu denda batean sartu eta momentuan bertan sasi-intelektual batek nire gramatika edo azentuazio penagarriari buruzko komentario bat egitea. Orduan, zergatik egiten dugu guk hori ETENGABE, konturatu gabe, ia ohitura gisa? Tradiziotzat dugu zuzenketarena, edozeini-edozeinen aurrean-edozein tokitan. Orduan, nola nahi dugu ikasten hasi diren horiek konplexuak alde batera utzi eta ikasten jarraitzea?

Orain, gehitu iezaiozu ekuazioari ikasten ari den hori migrantea dela. Begiratu iezaiozu zeure buruari zuzenketa horietako batean. Bai, paternalismoa gehitu diozu gramatika klase inprobisatu horri, eta are tamalgarriagoa da sortu duzun egoera. Txalo bero bat.

Esan dizuet hasieran meloi hau terriblea zela, astuna, handia eta urtsua… eta gu hortxe gaude, erdi-erdian.

Kaka, tokirik gabe geratu naiz, baina ezin azken hitz hauek utzi gabe joan. Euskaraz ikasten ari den batek zerbait gaizki esaten badu eta ez badizu eskatzen zuzentzeko, bi aukera dituzu:

1. Ez esan ezer. Lasai, ikasiko du edo ez, ez dago zeure esku, ez zara bere irakaslea.

2. Ez esan ezer. Erantzun iezaiozu normal. Hizkuntzetatik haratago badago pertsonok gure artean komunikatu ahal izateko mekanismo unibertsal bat: besteak zer dioen ulertu nahi izatea.