argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzaren erradiografia
Hiru hiriburu, hiru gatazka
Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2024ko maiatzaren 21a
Gasteiz erdiguneko larrialdiak itxi ditu Osakidetzak. Anbulantziarik gabe bertaratu behar duenak, beraz, hiriaren kanpoaldean dagoen Txagorritxura jo behar du. (Argazkia: Iazko udaberriko protestak. Egilea: Jazki Fontaneda / Foku)
Gasteiz erdiguneko larrialdiak itxi ditu Osakidetzak. Anbulantziarik gabe bertaratu behar duenak, beraz, hiriaren kanpoaldean dagoen Txagorritxura jo behar du. (Argazkia: Iazko udaberriko protestak. Egilea: Jazki Fontaneda / Foku)

Gasteiz

Bi ospitale handi ditu Gasteizek; bata erdigunean, Santiago hiribidean –Ama Zuriaren plazatik zazpi minutura oinez, ideia bat egitearren–; eta bestea Txagorritxun, hiriaren ipar-mendebaldean –aipaturiko erreferentziatik 25 minutura oinez–. Larrialdi-egoera baten aurrean, kritikoak diren hemezortzi minutuko diferentzia. Garraio- publikoa hartu eta pare-parean tokatuta ere –tranbia, esaterako–, hogei minutu azpitik ez da egingo bidea.

Hainbat eta hainbat zerbitzuren zentralizazioa diseinatu ohi den gisara, Txagorritxuk jan du Santiagoko larrialdi-zerbitzua azken urtebetean. Punta-puntako teknologia ezarri dutela diote Txagorritxun: medikuntzako boxen gelak 28 izatetik 39 izatera pasatu dira, kontsulta gelak bikoiztu, eta estabilizazio gelak ere bai. “Abangoardiako larrialdi-instalazioak” ditu Txagorritxuk Osakidetzako goi-kargudunen hitzetan. Teknologia inork gutxik jarri du zalantzan, baina egon dira kolapso eta itxarote denboragatik kexak. Aldian-aldian ez dira box guztiak erabilgarri egon, bereziki langile falta medio. Izan ere, zerbitzua baino, finean, erremintak instalatu dira Txagorritxun; sanitarioak egokitu gabe ezin dira larrialdiak behar bezala ez artatu ez kudeatu, hala salatu dute oposizioko alderdi guztiek, eta jeltzale eta sozialistek ukatu.

Baina Txagorritxun kolapsoak egon eta itxarote minutuak luzatu arren, bada faktore garrantzitsua aurrez aipatutakoari jarraiki: lokalizazioa. Hiriaren erdiguneko zerbitzua ez dago erabilgarri larrialdia duen eta oinez bertaratu daitekeenarentzat. Anbulantzia beharrezkoa balitz, kasu horietan bai, Santiagon artatuko dute larrialdia.

Anbulantziarik ez badago?
Arabako arazo larrienetakoa ere horixe da: ez dagoela behar beste anbulantzia medikalizaturik. Bi baino ez daude, eta hirugarren bat hitzeman du joan den abenduan Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak –Jaurlaritzaren aurrekontuetan jaso da diru-partida–, urte luzetan arabarrek egindako borrokaren ondotik. Horren aurretik, bi anbulantzia medikalizatu baino ez dira egon Araba osoan; horietako bat Gasteizen, eta bestea Laudion. Alegia, azken hau, Bilbotik 20 minutuko distantziara eta Gasteiztik 40 minutura. Horregatik, sarri, Bilbo edo Bizkairako bidea egin izan du anbulantzia honek, lurralde arabar osoa anbulantzia medikalizatu bakar batekin utziz.

Bilbo

Kateak astindu direla dirudi Bilbon eta Barakaldon. Eusko Jaurlaritzaren aspaldidaniko plana da bihotzeko kirurgiaren erabateko espezializazioa Gurutzetako Ospitalean egitea, Basurtukoa bertara lekualdatuz. EH Bilduren eskariz Osakidetzak Legebiltzarrera igorritako azken datuen arabera, Basurtun urtean 255 interbentzio egiten dira bihotzeko kirurgiaren alorrean, eta 420 berriz, Gurutzetan. Alegia, urtean 700 ebakuntzatik gertu egiteko prestatu beharko litzateke Barakaldoko Ospitalea. Langile, paziente eta eragile gehienen zalantza, besteren artean, operazioaren ondorenak eragiten du; hau da, ebakuntza-gela gehiago ireki eta prest edukitzeaz gain, errekuperazio-gelak ere era nabarmenean handitu beharko dira ezinbestean, langile taldea handitu eta egokitzeaz zer esanik ez. Kontua da, prestaketa eta egokitze lan hauei buruz ezer gutxi esan dutela goi-agintaritzatik, “prozesua posible dela” esateaz harago.

Pazienteak eta bereziki langileak izan dira mugimendu honen aurrean protestara irten direnak azken urtebetean, eta Gasteizko epaile batek, lekualdatzea gauzatzear zela, prozesua etetea erabaki zuen. Epaileak autoan argi adierazten zuen zerbitzua pribatizatzearen zantzu posible batzuk agerikoak zirela, eta ezkutuko helburuen artean egon zitekeela gastua arintzea; baita, ondorio gisa, kalitatearen okertzea ere. Murrizketak, alegia.

Zer dago atzean?
Gardentasun falta agerikoa da, beste behin ere, Bilbo eta Barakaldoko bi osasun-zentro nagusien arteko aferan. Osasun sailaren eta Osakidetzaren plan estrategikoek ezer gutxi argitzen duten bitartean, aginduek, mugimenduek eta prozedurek badute zeresana eta interpretaziorako tartea zabaltzen dute. Sartu gabe esatera ikuspegi mediku batetik zerbitzuaren zentralizazioak artatze hobeagoa dakarren ala ez, galdera nagusia honakoa da: prest al dago Gurutzetako Ospitalea lekualdatzea ganoraz egin eta pazientean eraginik ez izateko? Eta zein urrats emango dira horretarako?

Dena den, Gurutzetak balizko eztanda bat egingo balu kolapsoak jota, badirudi pazienteak baduela soluzioa: ibaiaren beste aldean, bi kilometro eskasera du Quirón enpresa pribatuaren ospitalea, IMQ Zorrotzaurre. Diru-zorroa prest balu, sikiera, izan daiteke batzuentzat aukera. Zentro pribatu honetan, urte luzez zuzendari nagusi izandakoa da Jon Darpón Jaurlaritzaren Osasun sailburu izandakoa, 2018ko lan eskaintza publikoko deialdietako irregulartasunek ahotsa hartu zuten arte –oraindik argitu gabe dago kasua, eta Darpón aulkitik kendu dute–. Bada, horretaz guztiaz gain, Gurutzeta Ospitaleko zuzendari nagusi María Luz Marquésen senarra ere bada Darpón. Esan bezala, bi zentroen arteko hari-muturra, bi kilometro eskasekoa da.

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, Quiróneko kide ohia eta gaur egun Keralty aseguru etxe pribatuko goi-kargudunetako bat.
María Luz Marqués, Gurutzeta Ospitaleko zuzendari gerentea.

Darpónek, dimisioa eman ondotik, IMQra itzultzea eskatu zuen hainbat informazioren arabera, baina batagatik edo besteagatik, Keralty osasun-etxe pribatuan amaitu du lanean. Multinazionalak aseguruen sare handia du mundu osoan, batez ere Hego Amerikan, eta Joseba Grajales arabarra da presidentea; Espainiako Estatuko aberatsenen artean dago. Darpónez gain, bere sailburuorde izan zen Fátima Ansotegui eta Osakidetzan ardurak zituen María Teresa Bacigalupe ere ari dira bertan lanean, eta hori gutxi ez, eta Darpón sailburu zenean, guztira, hiru milioi euro baino gehiago jaso zituen Keraltyk partaidetza duen hainbat enpresaren bitartez.

Donostia

Nahiko hilabete konplikatua izan da joan den abendua. Bazirudien, hedabide handiek sustatuta batez ere, ospitale oso batek planto egiten ziela Osakidetza ahalguztidunari eta erortzeaz egon zitekeela goi-zuzendaritza, Osasun saila, eta zehatzago, Gotzone Sagardui sailburua.

Abenduaren 1ean, Osakidetzako zuzendaritzak kargugabetu egin zuen ESI Donostiako zuzendari gerentea, antza denez, zuzendaritza nagusiarekin bat ez etortzeagatik. Bigarren kargugabetzea etorri zen ondotik, zuzendari medikuarena, eta hainbat dimisio izan ziren atzetik. Azken hauek, Osakidetzaren "jarrera diktatoriala" eta "bertikaltasuna" salatu zuten, eta argi esan, "irizpide politikoengatik eta laguntasunagatik" hartzen dituztela erabakiak. Gutun publiko baten bidez, 28 zerbitzuburuk "politika suizidak" uzteko exijitu zieten Osakidetzari eta Sagarduiri. Oposizioko alderdiek, unea balituz, sailburuaren dimisioa ere eskatu zuten; laster batean isildu ziren ahots horiek. Kargugabetzeak guztiz logikoak zirela esan zuen sailburuak, haiek agindutakoa betetzea delako zentro-zuzendarien zeregina.

Bi hilabete beranduago badirudi urak baretu direla. Zerbitzuburuek eta Osakidetzaren zuzendaritzak berreskuratu dituzte harremanak, eta ari dira negoziaketan; horixe zen nahi zutena. Besteak beste, beraien ahotsa ez zutelako nahi bezainbeste entzuten.

Onkologikoa hizketagai
Gardentasun faltak eragindako nahaste-borrastea edo azken orduko intentzio-aldaketa; ezezagutza nagusitu da Onkologikoaren saretze-proiektuan.Behar bezala inork ez zekien, antza, nolakoa izango zen Onkologikoaren prozesua, hala adierazi izan dute zerbitzuburuek. Donostia Ospitalean saretuko zela bai, baina xehetasunik ez.

Izan ere, Osakidetzak kudeatzen du Donostia Ospitaletik 400 metro eskasera dagoen Onkologikoa, baina batak ez du besterako sarbidea etengabe bideratzen. Hau da, Onkologikoan dagoenak bertan jasotzen du tratu, zaintza eta zerbitzu guztia. Saretzeak, ordea, formak alda ditzake: aukeren artean dago, eta susmo zabaldua zen, Onkologikoak kudeaketa propioa izateari uztea eta espezialista edo kontsulta jakin baterako pazienteak ospitalera jo behar izatea. Bestela esanda, horrek ekar dezake gaixoa ospitaleko korridore eta pisu artean zoratzea.

Azken asteetako berrien arabera ordea, badirudi baztertu dela aukera hori; hala jakinarazi dute ESI Donostiako zerbitzuburuek. Hitzez esan die Osakidetzak; idatziz jasotzea exijitzen ari dira.

Onkologikoko pazienteek protestak egin izan dituzte "zerbitzuaren okertzea" saltzeko.