Migratzaileen aurkako politikak gogortu, mafiak indartu bitartean

Axier Lopez
0

Erresuma Batuko harrera-zentroak gainezka daudela-eta, gobernuak hoteletan ostatu eman zien 200 adingabe inguru desagertuta daude, gobernuak berak pasa den astean jakitera eman duenez. Gehienak Albaniatik etorritako nerabeak dira, baina Afganistan, Vietnam, Pakistan, Egipto, Turkia eta Indiako pertsonak ere badaude. Erresuma Batuko Migrazio ministro Robert Jenrickek aitortu duenez, 200 bat adingabe desagertu dira. Rishi Sunaken gobernuak desagerpenen berri eman du, The Guardian hedabidearen ikerketa batek jakinarazi ostean Barne Ministerioak kudeatzen duen Brighton hiriko hotel batean bizi ziren dozenaka adingabe bahitu dituztela. Hoteleko langile batek egunkariari adierazi dionez, asiloa eskatzeko zain ziren dozenaka adingabe bahitu dituzte talde kriminalek, eta badirudi Ingalaterra hegoaldeko beste instalazio batzuetan ere halako kasuak gertatu direla. “Adingabeak eraikinaren aurrean bahitzen dituzte. Desagertu egiten dira eta ez dira inoiz berriro agertzen. Trafikatzaileek kalean bertan eramaten dituzte”, salatu du langileak.

Migrazio ministroak parlamentariei azaldu dienez, 2021etik aurrera iritsitako 4.600 asilo-eskatzaile adingabeetatik 440 desagertu dira, baina zehaztu du ez dutela atzeman haurrak bahitzen ari diren frogarik. Agintarien kontroletik ihes egin eta desagertu diren adingabeen artean, erdia inguru itzuli egin da. Adibidez, bakarrik heldu diren 600 bat adingabe igaro dira Sussex-eko hoteletik azken 18 hilabeteetan, eta 136 desagertze salatu dira. Erdia baino gehiago, 79, oraindik ez dakite non dauden.

Oposizioaren alderdi nagusiko bozeramaile Yvette Cooper laboristak “arduragabekeria” leporatu dio gobernuari. Haurrak aterpetxeetatik aterarazten dituen “sare kriminal bat” dagoela kritikatu du eta Erresuma Batuko Gobernua “erabat huts egiten ari dela” zeregin horretan.

Downing Streetera iristean, Rishi Sunak lehen ministroak publikoki onartu zuen agintaldiko helburu nagusietako bat zela Mantxako Kanala gurutzatzen duten pertsonen aurkako legedia gogortzea, “legez kanpo” sartzen diren pertsonak “berehala atxilotu ditzaten”, eta, zehatzago, uhartera iristen ari diren albaniarren kopurua “nabarmen murrizteko”. Horretarako, polizia kopurua handituko zuela agindu zuen, eta legea aldatuko zuela asiloa lortzeko izapideak zailtzeko asmoz. Emaitza momentuz begi-bistakoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA