Gazterik ez omen dago lanerako

argia
0
Lide Iraola hernaniarra ARGIAn izan da praktikaldia egiten (argazkia: Dani Blanco)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Unibertsitatean ikasi ikasi… Tira, bai, zerbait ikasten da. Baina nago unibertsitate garaian ikasten dela gehiago, batez ere etxetik kanpora joateko aukera badago. Egiten du txorikumeak lehen saltotxoa habiatik. Batzuek, bizi, astintzen dituzte hegoak; beste batzuei gehixeago kostatzen zaie; baina normalean denek ikasten dute. Lanerako berdin. Unibertsitatean ikasi ikasi… ez da gehiegi prestatzen lan mundurako. Teoriak eta abarrak mordoa, baina aplikazioa… Aplikazioa lanean ikasten da.

Lide Iraola Azpeitia hernaniarra da bere kazetaritza ikasketak praktikan jartzen azkena ARGIAn. Amaitzear du lau hilabeteko egonaldia eta egin eta ikasitakoarekin “gustura” dagoela adierazi digu. Honela dio: “Asko ikasi izanaren sentipenarekin noa, bai idazten ikasi izana, bai euskara maila hobetzearena, baina gehien eskertu dudana izan da lan munduak eta erredakzio batek nola funtzionatzen duten ikusi eta ikasi izana”.

Praktikaldiak Bilbon zegoela harrapatu du, distantzia medio ordu asko egin ditu etxetik eta ezin izan du nahi beste denbora pasa erredakzioan eta lankideen ondoan.
Nondik eta nora

Udan Berria egunkarian aritu da lanean, nazioarteko sailean. Euskarazko idatzizko kazetaritzan ikusten du bere burua eta horregatik aukeratu ditu egunkaria eta aldizkaria. “ARGIA erreferentziazko hedabidea da eta Berria-n aritu ondoren, banuen beste mundu bat ezagutzeko gogoa, idatzizkoan beste ikuspuntu batetik aritzekoa”, azaldu digu Iraolak.
Urtebete geratzen zaio gradua amaitzeko eta hori da lehen helburua. Ez dauka buruan ikasketa gehiagorik, aukera baztertzen ez badu ere. Dena den, lanean “kontent” ibili dela esan digu eta “aukerarik suertatzen bada” helduko diola.

Patxadazko kazetaritza atsegin duela jabetu da edo horretarako joera duela, albiste labur eta azkarrak idazterakoan ere, “jakin-minagatik-edo”, luzatzera egiten duela. Eta praktikaldia bukatuagatik ere, jarraitu nahi du ARGIArako lantxoak egiten. Bitartean, “nire aldetik ikasten jarraituko dut: irakurriz, berriei adi egonaz, kultura kontsumituz…”, diosku.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA