argia.eus
INPRIMATU
COP27-ak klima kudeatzeko eredu falta eta legedia ekonomikoen indarra agerian utzi ditu
  • Aurten Egipton iragan den COP27 gailurrak emaitza gazi-gozo bat eman du: klima aldaketaren aurrean estatu zaurgarrienen galerak eta kalteak konpentsatzeko funts baten sorrera. Garaipen historikoa izanik ere, funts hori oraindik mekanismo ahula da, eta zehaztu gabeko osagai asko ditu. Ahultasun horrek estatuetan oinarrituriko negoziazioetan du errua, eta gizateriaren ondasuna den klima gobernatzeko eredu falta agerian uzten digu.

Nicolas Goñi 2022ko abenduaren 06a
Galerak eta kalteak ordaintzeko finantzamendua eskatzen zuten herrialde zaurgarrienek COP27aren karietara. Lortu izana historikoa bada ere, hutsune asko ditu oraindik. (Argazkia: Greenpeace)

Azaroaren 20an bukatu da klima aldaketari buruzko NBEn 27. konferentzia (COP27). Aurten lehen aldiz klima aldaketaren aurrean herri zaurgarrienen galerak eta kalteak konpentsatzeko funts bat adostu dute, nahiz eta muga asko ukan. Alde batetik garaipen garrantzitsua da, COP horren hasierako gai zerrendan ez baitzen horrelakorik aipatzen, eta herrialde zaurgarrienen eta klimaren aldeko aktibisten 30 urteko ahaleginen emaitza konkretua baita. Bertzaldetik, funts hori ez da oraindik ezer konpontzeko gai, eta erantzunik gabe uzten ditu galdera zehatz asko: zenbatekoak izanen dira finantzamenduak? Juridikoki zeintzuk izanen dira diru emaileak? Zein izanen dira finantzamenduak lortzeko baldintzak eta arautegiak? Aski zehazten ez den elementu bakoitzak dakar atzerapausoen arriskua. Hala ere, urrats bat baizik ez bada ere, urrats esanguratsua da lehen aldiz NBEk ofizialki aitortzea estatu zaurgarrienen egoera eta berotegi efektuko gasen (BEG) isuri gehien duten estatuen ardura.

Estatuak, arazoari aurre egiteko eragile ezegokiak

Maxime Combes ekonomialariak oroitarazten duen bezala, beren egitura juridikoa dela eta, konferentzia horiek ez diete estatuei neurririk inposatzen ahal. Erabaki guziak borondatezkoak dira, eta emaitza konkreturik ez bada lortzen –edo emaitzak lortzeko plangintzarik aurkezten ez bada ere– ez zaie orain arte inongo zigorrik aplikatzen. Gainera, Pariseko hitzarmenak (2015eko COP21ean izenpetu zena) estatuen arteko emulazioa sortzeko apustua egiten zuen, helburuak nork azkarrago lortzeko lehia bat, alegia. Baina ez zuen aurreikusten estatu multzo batengatik helburu orokorra lortuko ez litzatekeen egoera zuzentzeko mekanismorik. Gainera, gaur egun apustu haren kontrakoa ikusten ari gara, nor mantsoagoka ari baitira estatu gehiegi. Horrela galtzen ari gara beroketa bi gradutara mugatzeko aukera, ehunka milioi bizitza mehatxatuz. Era berean, konferentzia horiek ez dute trantsizio energetikoa bultzatzeko ahalmenik; horregatik erregai fosilak ez dira hitzarmenetan aipatzen, António Guterres NBEko idazkari nagusiak hainbatetan arazoaren larritasuna esplizituki adierazi badu ere.

CNRSeko ikerlari eta klima gobernantzan aditu Amy Dahanek  azpimarratzen du Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) eta bertze hitzarmen bilateralek, aldiz, estatu izenpetzaileei arau hertsagarriak aplikarazten dizkietela, ekonomia globalizatua babesteko. Bertze hitzetan esanda, azken 30 urteetan merkataritzaren eta inbertsioen nazioarteko eskubideak gailentzen zaizkio klima larrialdiari. Dahanek “errealitate-zisma” izendatzen du egoera hori: alde batetik, NBEren gobernatze indargabea klimari dagokionez –kontrolatzeko, helburuak igotzeko edo egiaztatzeko mekanismo guziak geldirik daude –, bertzaldetik, eta gobernatze horretatik kanpo, nazioarteko marko juridikoa moldatzeko gai den estatu eta enpresa handien lehia ekonomikoa. Arrakala horren ondorioak ditugu klimari buruzko negoziaketen mantsotzea eta klima aldaketaren larritzea.

Europaren kontraesanak

Europak atzerapen handia du energia trantsizioa martxan jartzeko neurrietan, eta horren ondorioz zaigu aurtengo otsailean gordinki agertu Errusiako erregai fosilen menpekotasuna. Europako estatuak presaka ibili dira ikatz zentralak berriz irekitzen edota gasa garraiatzeko portu azpiegiturak eta interkonexioak eraikitzen, bitartean bertze hornitzaileekiko (Aljeria, AEB, Azerbaijan...) kontratuak izenpetuz. Egoera honetan, Europak sinesgarritasun guti duela deitoratzen du Combesek, adibidez, Afrikako estatuei aholkatzen dienean gasa ustiatzeko azpiegituretan ez inbertitzea. Europan erregai fosilen menpekotasunaren ordez energia-neurritasuneko politika ausarta bultzatu nahiezak denbora asko galarazten digu klima aldaketaren aurkako borrokan. Dahanen iritziz, Europak nazioarteko klima-aitzindari izateko asmoa bateragarri egin behar du planetaren mugak kontuan hartuko dituen ekonomia berri baten ikusmoldearekin –ezin baitugu gehiago funtzionatu 1990eko hamarkadan ezarritako eredu ekonomikoarekin–. “Errealitate-zisma” gainditzeko, klimari buruzko arau hertsagarriak inposatu behar dira merkataritza hitzarmenetan.

Aterabideak COP-atik kanpo

Globalizazioaren sehaska ideologikoa den AEBn, Joe Bidenek bultzaturiko Inflation Reduction Act legediak industria sektore batzuk sustatuko ditu baldin eta ekoizpenak birtokiratzen badituzte. Hori esplizituki MMEren arauen aurkakoa da eta duela guti arte irudikaezina zitekeen. Bertze adibide esanguratsu bat dugu azken asteotan Herbehereak, Frantziak, Alemaniak, Espainiak, Esloveniak eta Poloniak Energia Kartaren Hitzarmenetik irtetzeko adierazitako asmoa. 1998tik atzerriko inbertsioak babesteko xedea du kartak, konkretuki klimaren aldeko politikak oztopatuz. Bi adibide esanguratsu: Herbehereak eta Italia auzipetuak izan ziren, bata ikatz zentralak itxi nahi zituelako eta bertzea ur sakoneko petrolio-prospekzioa debekatu nahi zuelako. Gaur egun, lehen aldiz, Energia Kartaren Hitzarmenetik irtetze horiek aitortzen digute globalizazioaren alde sorturiko arautegi bat bateraezina dela klimaren babesarekin. Bi ondorio dakarzkien aurrekari garrantzitsua dugu: erregai fosiletatik irtetea ez da COPetan erabakiko; eta mundu mailako trantsizio energetikoa bultzatu nahi izanez gero, nazioarteko arautegi ekonomiko eta politikoa sakonki aldatu behar da. Horretarako, tokiko ekimenak funtsezkoak izanen dira Dahanen iritziz: estatu, eskualde eta udalerri bakoitzak eraldaketa ekologikorako politikak martxan jarri behar ditu, indar harreman ekonomikoen oreka globalean eragin ahal izateko.