argia.eus
INPRIMATU
Errautsetatik jaio zen odontologia forentsea
  • Parisen 1897an Karitate Bazarra antolatu zuten egurrezko barrakoi batean, sute baten ondorioz 126 lagun hil ziren, haietatik 120 emakumezkoak. Asko goi mailako jendartekoak izanik, kiskalitako gorputzetan geratutako haginen bidez identifikatu zituzten. Klasismoaren altzotik odontologia forentsea jaio zen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko azaroaren 15a
(Argazkia: Le Petit Journal)

Paris, 1897ko maiatzaren 4a. Hiriko goi mailako klasea Karitate Bazarrean bildu zen, azken urteetan bezala. 1885ean hasi ziren ekitaldia antolatzen eta ordurako Parisko egutegi sozialeko datarik nabarmenetakoa zen. Aberatsek zenbait artelan, liburu eta purtzileria saltzen eta erosten zituzten, gehien behar zutenei emateko, eta, bidenabar, beren posizio soziala harro agertzeko. Urte hartako azokarako 80 metro luze eta 20 metro zabal zen egurrezko barrakoi bat eraiki zuten, eta estalkia oihal bikeztatuz egin zuten. Barrakoiaren alde batean asmakizun berri bat jarri zuten bisitariak erakarri eta entretenitzeko: zinematografoa.

Baina tramankulua ez zebilen ondo; teknikariak esana zuen aireztatze egokirik ez zegoela. Eta 16:15ak aldera, zinematografoaren eterezko lanpara itzali zenean, langileak pospolo bat piztu zuen zer gertatu zen ikusteko. Pospoloak eztanda txiki bat eragin zuen eta, berehala, suak hartu zuen barrakoi guztia. Ate birakariak trabatuta geratu ziren, eta erreta hil ez zirenak zanpatuta hil ziren.

Karitate itxurak egiteko prest zeuden, baina ez damak eta neskameak nahastuta ehorzteko. Eta irtenbidea Paraguaiko kontsulari bururatu zitzaion: hildakoen dentistengana jotzea, haien hortz-haginen fitxak eskuratu eta hildakoen hortz haginekin alderatzeko

Guztira 126 izan ziren hildakoak, horietatik 120 emakumezkoak. Egia da ekitaldiak emakume gehiago bildu ohi zituela –hala ere, ez proportzio horretan– eta haien soinekoek suari mesede eta ihes egiteko mugimenduei kalte egiten zietela. Baina gizonezko gehienek nahiago izan zuten “emakumeak eta haurrak lehendabizi” kontzeptua beste baterako utzi. Hasieran agintariek anarkistei egotzi nahi izan zieten errua, baina istripua izan zela garbi zegoenez, zinematografoa maneiatzen ari zen langileari zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten; gerora zigorra kommutatuko zioten, hark bai, hainbat pertsona salbatzeko ahalegina egin zuelako.

Baina erantzukizunak banatzeaz gain, beste lan bat ere bazuten: kiskalitako gorpuak identifikatzea. Eta goi mailako damek soinean zeramatzaten bitxiak ez zuten horretarako balio, gau hartan bertan gorpuak arpilatu zituztelako. Goi mailako biktimen senitartekoek  soluzio bat behar zuten. Karitate itxurak egiteko prest zeuden, baina ez damak eta neskameak nahastuta ehorzteko. Eta irtenbidea Paraguaiko kontsulari bururatu zitzaion: hildakoen dentistengana jotzea, haien hortz-haginen fitxak eskuratu eta hildakoen hortz haginekin alderatzeko. Horrela identifikatu zituzten, besteak beste, Sofia Karlota Bavariakoa –Austria Hungariako Sissi enperatrizaren ahizpa–, Espainiako kontsularen emaztea eta odontologia zerbitzuak ordaintzeko gai ziren aristokraziako eta burgesiako beste hainbat kide. Haginlaria ordaindu ezin zuten biktima txiroak hobi komun batean ehortzi zituzten.

Eta, hala, Karitate Bazarraren errautsetatik, eta klasismotik, odontologia forentsea sortu zen.