Lauko handia

argia
0
Ezker-eskuin: Aner Peritz, Oihana Arana, Leire Vargas eta Haizea Arana. Astero eseriko dira ARGIAren Lasarte-Oriako estudioan, ‘Berezkoa Ta Naturala’ podkastarekin Bertsolari Txapelketa Nagusia jarraitzen. (Argazkia: Dani Blanco)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez dut Bertsolari Txapelketa Nagusia jarraitzen. Kito, bota dut. Bai, itxura batera betetzen omen ditut BTN-ren jarraitzaile izateko neska gazte euskaldunaren estereotipoak. Ez zara aurrena hori esaten. Ez, Anari ere ez dut entzuten. Bai, arraro xamarra naiz. Ez erratu, bertsozalea naiz, baina puntuaziorik gabekoak maiteago ditut, afalostean behe-laino artean entzuten diren horien zalea. Dena den, ARGIAk lortzen du txapelketa tokatzen denero engantxatzea programa berri batera. Hitzetik Ultzera, Damutuko zaizute, Zauztela, ea Berezkoa Ta Naturala saioarekin ere lortzen duten.

Haizea eta Oihana Arana, Leire Vargas eta Aner Peritz esertzen dira astero ARGIAko platoan, kameren aurrean, irratsaio edo podkast bat egiteko asteburuko finalaurrekoaren inguruan. Serio eta ez horrenbeste. Gidoi kontzientetik abiatuta, jario ederrarekin eta bat-batekotasunaren indarra baliatuz, gatz eta piper handiko saioa osatzen dute lau bertsolari gazteek. Asteartez egiten da publiko ikus-entzunezko berria, 20:00etatik aurrera.

Ordubete inguruz aho-bilorik gabe harilkatzen dituzte Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioei buruzko analisia, kritika, umorea, eztabaida… Bertso saioetan grabatutako elkarrizketei ere tartea egingo die saioak eta astero ikus-entzuleei lehiaketa bat ere proposatuko zaie, datorren finalaurreko bertso saiorako sarrerak eskuratzeko aukera emango diena.

Umoreak baditu arrisku batzuk eta lehen emanaldiaren hasieran lau gazteek argi utzi nahi izan dute badakitela errazagoa dela beraien platotik hitz egitea eszenatoki gainean kantatzea baino. Dena den, hemendik aurrera hartuko dute katxondeo pixka batekin BTN eta analisi zorrotz eta serioa egiteaz aparte, izango du irriak ere bere espazioa eta ez txikia, inor mintzeko intentziorik gabe, baina labana txikiak airean.

A! Ahaztu gabe, inork ikusi badu Xabier Amuriza Goenaga jogurta janez saio hauek iragartzen eta txistea ez baduzu harrapatu, besterik gabe, jogurtak naturalak direla eta hori guztia, baina, batez ere, Goenaga Yogur laguntzaile dela, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutua (Nafarroako Gobernua) babesle direnarekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA