Haiti, autodeterminazioaren alde

Axier Lopez
0
Richard P. - Getty Images

Haitiko 11,4 milioi biztanletik ia bostek dute elikagai gabezia larria, gosetea “larritasun maila katastrofikora” heldu da hiruburuko auzorik jendetsuena den Cité Soleil-en, eta inflazioa %30etik gorakoa da, Nazio Batuen datuen arabera.
Testuinguru horretan, irailaren 12an, Ariel Henryren gobernuak erregaiaren kostua bikoiztuko zela iragarri zuen. Herritarrek gainezka egin zuten. Ordutik, matxinada herrikoia dago Haitin, kaleen kontrolaz jabetu diren ‘pandillero’ biolento batzuen kontutzat saltzen badigute ere telebistan. Izan ere, zaila da paralelismo ideologizatuak bilatzea, garai likido hauetan munduko erantzun sozial gehienetan gertatzen den bezala. Ez dago bandera gorririk, amorrua eta premia daude. Manifestazioak, erabateko geldialdiak eta errepide-mozketak daude, baita arpilatzeak eta hilketak ere. Protesta hauek 2016an hasitako erresistentzia-zikloaren jarraipena dira, 1991ko eta 2004ko estatu kolpeek, 2010eko lurrikarak eta 2016ko urakanak eragindako krisi sozialari erantzuteko sortuak, besteak beste.

Panorama ilunaren aurrean zer egin du nazioarteko komunitate delakoak? Adibidez, Thomas Piketty frantziar ekonomialariaren kalkuluen arabera, Frantziak Haitiri itzuli beharko lizkiokeen 28.000 milioi dolarrak ordaintzea, 1825ean independizatzeagatik zor erraldoia ordaintzera behartu zuelako? Edo, agian, krisi anizkoitz honen arrazoiak sakon aztertu eta Haitin justizia soziala sustatzeko laguntzak bideratzea? Bada ez. Haien “konponbidea” sinpleagoa da: zigor ekonomikoak ezarri dituzte eta gizon armatuak bidali nahi dituzte Haitira. Mendebaldeko erretorikaz esanda, “Haitin operazio humanitarioak babesteko indarrak zabaldu nahi ditugu”, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresen hitzetan, AEBek urriaren 15ean eskatutakoa ia mimetikoki kopiatuz. Hau da, beren interes politiko eta ekonomikoekin bat egiten duen gobernua babesteko esku-hartze militarra antolatzea, Kanadako eta AEBetako gobernuek uhartera bidalitako hegazkin militarrek erakutsitako ildora batuz.

Manifestariak, AEBetako, Kanadako eta Frantziako banderekin eta Ariel Henryren argazkiekin atondutako hilkutxa batekin.
(Richard P. – Getty Images)

Irailaren amaieran, Haitiko 42 erakundek gutun irekia bidali zioten Guterresi, eta, besteak beste, honako hau zioten: “Oraingoan, haitiarrek aukeratutako trantsizioko gobernu bat ezarriz gero bakarrik utziko du herriak kalea. Zuk eta haitiarren borondatearen aurka zaudeten nazioarteko gainerako eragileek kosta ahala kosta lagundu nahi duzuen Ariel Henry-k uko egin behar dio aginteari, ezinbestean. Gogoan izan beharko zenuke NBEk azken hemezortzi urteetan (2004-2022) Haitin egindako misioek porrot ukaezina izan dutela. Egoera hobetzen lagundu beharrean, egoera okertu zuten guztiek”.

NBEren presentziak kritika ugari jaso izan ditu Haitin, Herrien Nazioarteko Asanbladak azpimarratu duenez. Beste askoren artean, adibidez, 2010eko lurrikara gertatu eta gutxira hasi zen kolera-epidemia larriaren jatorria kasko urdinek ibai batera isuritako hondakin beltzak izan zen, eta Nazio Batuen “bake indarretako” soldaduek hainbat urtez egin zituzten bortxaketak eta sexu-erasoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA