argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Zenbat duintasunek
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko urriaren 13a

80 lagun hil ziren, eta 145 zauritu Angroisko tren-istripuan: gutxitan ikusten dugu hain grafikoki zenbait erabaki politikok hil egiten dutela. Tira, boteprontoari jaramon eginez gero, batzuk bai: Valentziako metroa, Madrilgo ospitale batean gaixo bat hil zenekoa, hodi okerretik janaria sartzeagatik.

Kontatzen zena, azkenengoan: A gripearen lehen biktimari hil zenean sabeletik bizirik eta birusik gabe ateratako haurtxoa hil zuen erizain arduragabe batek. “¡Asesina!”, entzun zen nire lantegian (Madrilen bizi nintzen). Kontatzen zena lehenengoan: telefonoz berriketan zebilen makinista baten arduragabekeriak laurogei pertsona hil zituen. Noski, “¡Asesino!” entzun nuen lanean.

Badira beste errelato batzuk. Azkenengoan: unitatean lehen eguna zuen eta psikiatrikoan amaitu zuen erizain batek hori egin beharra antolaketa eta planifikazio txar baten ondorio izan zen, murrizketena, lehen lerroan daudenak beti mugan ibili beharrarena. Lehenengoan: dokumental bat ere egin zen kontatzeko José Blancoren presak, Adifeko arduradunen jarrera, langileen kexak, teorian bazeuden segurtasun-neurrien falta… Badago txikitatik makinista izan nahi zuen gizon prestuaren istorioa ere.

Beren keinu bakoitza, makina izatetik urruntzen dituen edozein jarrera, ahuldade epaitu da epaitegian, medioetan, sare sozialetan… Ikusi ditugu zigortuta, umiliatuta, negarrez. Entzun dugu ardura indibiduala. Ikusi dugu sistema oso baten ondorioa bi bizkar bakartiren gainean. Ezin izan ditut makinistaren hitzak entzun, ez 2013an “istripua” gertatu zenean, ez orain. Ikuskizuna basatia da: bizitza osoan ehundutako duintasun txikitu bat. Zenbat duintasunek eusten dioten merezi ez duten sistema honi, zenbat duintasunek berezko arduradunen ohore psikopatei.