argia.eus
INPRIMATU
C-2a
Koldo Aldalur Hirigoien 2022ko irailaren 22a

Uste dut Berlingo harresia eraitsi eta Nelson Mandela askatu zuten arteko garaian izan zela. Aspaldi xamarreko kontuak, alegia…
 Hainbat euskaltegi eta unibertsitatetan aritzen diren dozena eta erdi bat irakasle bildu dira beraiek jarritako EGA azterketak nola zuzendu behar dituzten eztabaidatzeko.

Idazlanak zuzentzean, bakoitzak zer hartzen duen kontuan da eztabaidaren mamia. Ezin ados jarri. Batzuentzat, beste ahalmen guztien gainetik, ikaslearen komunikatzeko ahalmena da kontuan hartu beharrekoa; beste batzuek zuzentasunari ematen diote garrantzia berezia.

Irakasle lanetan hasi berria izanik, haizeak nondik jotzen duen jakitearekin nahikoa lan badut nik.

“Adi eta mutu egotea ez da bide txarra horrelakoetan” pentsatu dut, eta isilik geratu naiz.

Horretan garela, ezustean, irakasleetako batek azken deialdian beraiek jarritako azterketaren bost idazlan ekarri ditu fotokopiaturik. Ordu pare bat dute irakasleek idazlanak aztertu, eta arauturiko langa gainditzeko gauza diren ala ez erabakitzeko. Aise pasa dira bi orduak.

Aukeratutako bi idazlanek eztabaida gutxi sortu dute: zalantzarik gabe, balekoak. Hirugarren batek ere eztabaida gutxi: azterketara aurkeztea izan da, itxuraz, egileak euskararekin izan duen harreman serio xamar bakarra. Gainontzeko biek piztu dute zuzentzaileen arteko eztabaida. Irakasle batzuentzat erabat balekoak dira, beste batzuentzat eskatutako maila gainditzetik oso urrun daude.

 “Beraz, azterketa nork zuzentzen duen da hemen kontua” da etorri zaidan estreinako burutazioa.

Etxerako bidean naizela, lepagaineko errotan beste galdera bat ere bueltaka hasi zait: han bildu diren aztertzaileak aurkeztu izan balira urte hartako azterketara, denek emango al zuketen azterketa gainditzeko ikasleei eskatzen dieten gutxieneko maila?
Berlingo harresia eraitsi izanak ez dakit bi Alemaniak batu edo gehiago bereizi dituen, eta Nelson Mandela hil zen.

C-2 mailako egungo azterketaren idazlanaren ebaluazio-irizpide zerrenda dut esku artean. Egokitasuna, koherentzia, kohesioa, aberastasuna eta zuzentasuna: besteak beste, solaskide eta xedearen araberako lotura, xedearen tonua, lexikoaren modalizazioa, hari logikoa, ideien osotasuna, kohesio mekanismoen erabilera, ordezkapen lexikalen erabilera, gaiari lotutako lexikoa…

Ez dakit gaur egun C-2 azterketaren zuzentzaileek bilerarik egiten ote duten zer eta nola ebaluatu behar den deliberatzeko. Seguru denek dutela besteei eskatzen dieten ditxosozko C-2 titulua, baina gaindituko lukete beste norbaitek zuzendutako azterketa? Agian bai, ez dakit, baina aritua izatea ez da beti nahikoa izaten aditua izateko.

Lehen eta orain, beti izan da meritu handikoa eta esker txarrekoa azterketak zuzentzearena.