Euskara ezin da zaila izan

Glotodidaktika VII. Topaketa burutu berri dugu UEUren 50. urteurrenaren ingurumarian. Aurrekoa orain dela lau urte egin genuen, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan eta erabakiak hartzeko aukera duten arduradun gehiagorekin. Hala ere, oraingoan elkarrekin hausnartzeko aukera gehiago izan ditugu eta emaitza bikaina izan da. Funtsean, VI. eta VII. topaketetan euskaltegiek euskara bidegurutzetik (edo biribilgunetik) ateratzen laguntzeko gakoak mahai gainean jarri ditugula esan dezakegu.

VI.ean euskaltegien paperaz aritu ginen, eta argazkia ere egin genien. Egituraketa ez dela egokia adierazi zuten euskaltegietako zuzendariek. Gainera, euskara lan-mundura eramaten izan beharko luketen papera eta zenbait plangintza jakinen baitan garatutako ekimen eredugarri batzuk aztertu genituen. Horrez gain, ahozkotasunaren garrantzia eta ezaugarriak aztertu genituen metodologiarekin batera, eta argi geratu zen ahozkoan zentratu behar garela, erabileran eragingo badugu.

"Bada garaia azterketei buelta bat emateko, ezagutzaren bermea lortzeko bide berriak jorratzeko (portfolioa...) eta ikasle tipologia zabalagoetara heltzeko"

Aurtengoa atzera begira hasi dugu. Garai batean burua altxatu eta munduan zeuden puntako joerak geurera egokitzeko ahalegina egin zuten bidegileei gorazarre egin diegu. Besteak beste, Paulo Freire ekarri zuten. Ekarpen hura aztertu dugu eta argi geratu da metodologia komunikatibo haren eta egungoaren artean antzekotasun nabariak daudela eta, beraz, badugula iraganetik ikasteko aukera garbia.

Geuk ere burua altxatzen jarraitu dugu, eta puntako ikerketak eta tresnak ekarri ditugu topaketa hauetara. Hasteko, ‘Euskara’ marka aztertu duten euskal ikerlarien lana aztertu dugu, larritasunez ikusi dugu euskara “zaila” dela uste dutela askok, eta susmoa dugu euskaltegiok badugula errurik horretan. Azterketek erabat baldintzatzen dituzte euskararekiko loturak, baita irakasteko modua ere. Ikasleen ekarpenak ere jaso ditugu eta ondorio argiak irten dira hausnarketatik: bada garaia azterketei buelta bat emateko, ezagutzaren bermea lortzeko bide berriak jorratzeko (portfolioa...) eta ikasle tipologia zabalagoetara heltzeko. Beste hainbat gai tekniko ere landu ditugu, eta argi dago baditugula puntakoak izateko nahikoa ezagutza eta ikertzeko gaitasuna eta gogoa.

UEUko Glotodidaktika Sailean burua altxatzen jarraitzeko asmoa dugu, eta, besteak beste, euskalgintzaren ondoan dauden beste “bazterretatik” ikasten eta ekarpenak jasotzen hasiak gara. Adibidez, material didaktikoak eta jarduera akademikoak kolore askotako betaurrekoekin aztertu behar direla ikusi dugu, eta argi dugu horretan ere euskaltegiak aitzindariak izan behar garela, Freireren “zapalduen pedagogia” gogoan, egungo errealitatera itsatsirik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2022ko uztailaren 31
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude