Uberreko buruzagiak zelula maoista gisa ulertuta

Gorka Bereziartua
0
Jean-Luc Godarden 'La chinoise' filmeko eszena bat.

Fantasia eta negozioa eskutik helduta etortzen dira normalean, horregatik komeni da sinesgogor samarrak izatea zelofan askorekin bilduta kontatzen dizkiguten historiekin. Duela ez hainbeste medioetan ikusi genuen ipuin batek balio dezake kontu hau ilustratzeko: 2008ko neguan Parisko kale elurtuetan taxi bat lortu ezinda zebiltzan bi estatubatuar. Ideia jenial bat eduki zuten.

Ipuinaren arabera, “eureka!” esaten imajinatu behar ditugu Travis Kalanick eta Garrett Camp yankiak: taxiak baino zerbait hobea bururatu, horrela, bat-batean. Eta ez, ez zen garraio publikoa –inbento zaharkitu eta demodé hori– hobetzeko sistemaren bat, aplikazio bat baizik, telefonoko tip-tap azkar batekin aukera emango zizuna auto pribatu bat txofer eta guzti kontratatzeko, merke gainera. Handik urtebetera, Errauskine mambo bila atera zen gau hartan kalabaza zalgurdi bihurtu zen modu berean, Uber izeneko enpresa agertu. Orain milioiak balio dituen ideia, ia kasualitatez bezala sortua eta blablabla.

Ez dizut esango ipuina polita ez denik, baina Olentzerorena ere bada, eta gero, egia kontatzen dizutenean etortzen dira negarrak eta marruak. Uberren kasuan, egia esan, jende asko zegoen moskeatuta aspaldidanik, baina The Guardian egunkari britainiarrak publikatu duenaren ondoren, ea zeinek daukan gibela hemendik aurrera berriz kontatzeko ideia distirant batean oinarritutako startup arrakastatsuaren istorioa. Legeak hautsi dituzte, gobernuak presionatu, ahal izan duten guztia engainatu… eta mobilizazioak deitu.

Paris berriz ere, baina 2016an: Uberrek egiten dien konpetentziagatik taxi gidariek mila deabruren amorrazioa dute zainetan. Hiria inguratzen duen errepidea blokatzen ari dira, gurpilak erretzen, eta parean tokatuz gero muturra txikituko liokete aplikazioarentzat lan egiten duen gidariren bati. Liokete? Lillen txikitu zioten bati. Antzeko eszenak Marseillan, Tolosa Okzitanian, Aix-en-Provencen. Europa erdian hasiak ziren “taxien gerrak” handik gutxira.

Orain badakigu, Londresko egunkariari filtratu dizkioten milaka barne-dokumenturi esker, Uberren orduko buruzagiei zer okurritu zitzaien saltsa horren erdian: “Desobedientzia zibila”, idatzi zuen Kalanick-ek. “15.000 gidari ditugu… 50.000 erabiltzaile… martxa baketsua edo eserialdi bat”. Matxinada antolatu nahi izan zuen Uberreko buruak. “Merezi duela uste dut”, idatzi zuen. “Biolentziak arrakasta bermatzen digu. Eta tipo hauei aurre egin behar zaie, ezta? Ados nago pentsatu behar dugula zein diren leku eta denbora egokiak”, erantsi zuen lankideen zalantzen aurrean.

Burugabekeria dirudi. Horregatik, Jean-Luc Godarden La chinoise pelikulako zelula maoistaz gogoratu beharra dago gauzak ondo ulertzeko. Filmaren hasieran, taldeko kide bat etxera egurtuta iristen denean, burkide batek esaten du: “Etsaiaren erasoak jasatea gauza ona da, erakusten duelako distantzia argi batek bereizten gaituela”. Uberreko buruzagiak mezua hitzez hitz errepikatu ahalko luke.

Aurrerago, filmeko protagonistak biltzen diren etxeko horma batean zera irakurtzen da: “Ildo iraultzaile zuzena daukan gutxiengoa ez da gutxiengoa”. Multinazionalak ere, nik uste, espiritu leninista horrekin gidatzen dituzte gaur egun. Ez dira dirua irabazten bakarrik ari, kontsumitzaileen iraultzaren abangoardia dira. Eta inork ez die fanatiko deitzen, harrigarria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA