Espainiako estolda mediatikoen azkena

Axier Lopez
0
Ferreras, Villarejo eta Inda ezkerretik eskuinera.

2016ko maiatza. Hilabete inguru falta da Espainiako Erresumako hauteskunde orokorretarako. Unidas Podemos, urte horretan sortu zenetik, ondo kokatuta zegoela zirudien Espainiako Gobernuan eragiteko. Komunikabideetan era guztietako eraso eta erasoak ageri ziren ia egunero alderdiaren eta haren buruzagien aurka. Horietako bat  izan zen alderdiko buru Pablo Iglesias Turriónen izenean, Granadetako Uharteetan, paradisu fiskal batean, irekitako banku kontu batean Nicolás Maduroren gobernuak 272.000 dolar ustez sartu izana; beti ere Marcan eta El Mundon aritutako kazetariak eta OK Diarioko egungo zuzendari Eduardo Inda eskuindar iruindarrak zabaldutakoaren arabera. Inda ezaguna da Espainiako telebista kateetan tertuliakide aritzeagatik eta epaitegietan behin baino gehiagotan difamazioagatik zigortu izanagatik.

Iglesiasen aurkako akusazioak epaitegietan inolako ondoriorik izan ez zuen arren, hedabide eta sare sozialetan beste pieza bat izan zen orduko eskuindarren kontakizuna indartzeko: Podemos bozkatzea chavismoari botoa ematea da. Eta hala erabili zuten, nahiz eta egun baten buruan zenbait hedabidek Indaren gezurra agerian utzi.

Sei urte geroago, Luís Alvise Pérez ultraeskuindarrak Telegramez zabaldu eta asteburu honetan Crónica Libre hedabideak jasotako audio batzuen bitartez, argi eta garbi zegoena berretsi dute: asmatutako amarrua zen. Baina orain agerian geratu dena askoz sakonago doa. Espainiako Estatuko aparatu parapolizialen estolderietako aurpegirik ikusgarrienaren zenbait audio filtratu du hedabideak. Audio horietan José Manuel Villarejok Antonio García Ferrerasekin hitz egiten du, La Sexta kateko zuzendari eta audientzia kuota handiak dituen zenbait saioren aurkezlearekin. Progretzat saltzen duten kateko aurpegirik ezagunena eta boteretsuenetakoak dio Inda beretzat “anaia” dela.

Kazetariaren eta Guardia Zibileko koronel ohi ustelaren arteko kolegeoa harrigarria da. Horrez gain, audioetan Villarejok eta Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroko zuzendari José Luis Oliverasek diote gai izango liratekeela “banku kontu faltsuak sortzeko, Iglesiasen edo beste edozein pertsonaren izenean”. Adibide gisa Juan Luis Cebrián Prisa taldeko presidente ohia jarri zuten, barre artean.

Kazetari batek nolatan zabal dezake berari gezurra iruditzen zaion informazio bat, argi eta garbi Espainiako estolda politiko eta mediatikoetatik ateratako fake new tankera osoa zuena? Egia bigarren mailakoa da ustezko kazetaritza molde horretan. Delituaren ustezko egileak publikoki gezurtatu behar izatea nahikoa da jendearengan zalantza sortzeko eta eskuin mediatikoaren kontakizuna puzteko; kasu honetan, “Espainiaren aurkako mehatxu nagusia zen” Podemosen eragina kaltetzeko. Kazetari batzuek gezurra darabilte horretarako ahalmena eman dietelako, inon idatzi gabeko zigorgabetasunaren jabe direlako; eskura zituzten baliabide publiko guztiak helburu politikoetarako erabili zituzten Villarejo eta gainerako polizia eta funtzionario espainiarren antzera. Eta beti eskuinaren interesen alde, frankismo garaitik estatuko erraietan enkistatuta dauden aparatuei esker.

Asko hitz egin da Espainiako sistemaren eta haren estolden ustelkeria endemikoaz, baina gutxi aipatzen da, eta, batez ere, gutxi egiten da aparatu mediatiko parapolizialen aurka. Multinazionalen eta lobby politikoen jabe diren komunikabide nagusien boterea demasekoa da Espainiako Estatuan, baina dirudienez ez dago esku hartu nahi duen agintaririk panorama mediatikoa demokratizatzeko. Kazetaritza libre, independentea eta askotarikoa ez bada, ez baita demokraziarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA