argia.eus
INPRIMATU
Komunitatea
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2022ko ekainaren 02a

Maiatza eta ekaina dira argi eta garbi instituzio, enpresa, alderdi politiko, komunikabide, GKE eta abar luze batek LGTB borroka instrumentalizatzeko erabiltzen dituzten hilabete nagusiak. Baita ere, ortzadarraren bandera edonon ikustean lotsa pixka bat sentitu eta aldarriak bota aurretik gure buruak kanpora begira justifikatzen denbora gehien inbertitzen dudan urteko sasoia.

Egun horietan, LGTB komunitateaz edo kolektiboaz mintzo da gune horietako gehienetan LGTB pertsonei buruz modu orokortuan hitz egiteko, LGTB izateak komunitate baten parte era natural batean jarriko bagintu bezala. Komunitateak ezerezetik sortuko balira bezala. Denok baliabide berberak izango bagenitu bezala. Ezta gutxiago ere. Gutako asko ez gara beti komunitate baten parte izan, bilatu edo sortu behar izan ditugu, horrek gure jaioterriak atzean uztea eta gure bizitzetan apurketak eta frustrazioak ekarri baditu ere. Komunitateak landu eta zaindu egiten ditugu, egunero. Eta sistema kapitalista, hetero eta kolonial honetan autodefentsa praktikatzeko lubaki bakarrak ditugu. Zelakoak izango lirateke gure bizitzak eta prozesuak babesleku horiek gabe, lagun.