Gurutzatzen ditudan lagunen arabera, bi filma heldu zaizkigu mihiak kilikatzera, edo bat, edo bestea. Arrakasta handia bildu du Iparraldean Thomas Lacosteren L’hypothèse démocratique bi orduko dokumentalak. Borroka armatuaren garaiko lekuko entzutetsuenak ageri dira pantailan, justuki armarik gabeko ETA batek irudikatu euskal etorkizun moduko bat aipatzen. Interesgarria zinez, nahiz eta etsaia deitzen zenaren figura, konponbide proposamen horretatik aski kanpo geratzen den.
Hipotesia mesianiko berria eskaintzen dutela erraten didate, preseski, Iciar Bollainen Maixabel obra ikusi duten adiskide apurrek. Badirudi honek ez duela halako hartzerik gure artean, min egiten diguten zauriak irekitzen balitu bezala. Arriskua hor al dago? Alta hori liteke bidea, hau da, eragin den dolorearen ukamenetik urruntzea, elekatzen hastea, hitzak ideologiaren konfort-tokitik eramango gaituela jakin arren.
Errepikatzen naiz, baina agian, gerorako balio duen balizko hipotesia demokratikoa biktimekiko enpatiarena da, ulermenarena, ahantziz behingoz, afera horretan guk ere kolpe latzak hartu ditugula.