argia.eus
INPRIMATU
Zarata arrakala
Ane Labaka Mayoz 2022ko maiatzaren 19a

Pribilegiatuak horren barneratuta izan ohi ditu bere pribilegioak ezen gehienetan ez baita izan badituenik ere ohartzen. Pribilegiatuak opor idealei buruz hitz egin lezake kideekin, behar eta nahi beste elika litzake bere fantasia guztiak, baldin eta uneren batean biriketan arnasa falta zaiola sentitzen badu.

Eguzki bila abiatzen gara batzuk, kresalaren igurtzi bila; mendi aldeko aire garbienaren bila, bestela. Parentesiengatik ordaintzen dugu. Mugituko eta mugiaraziko gaituzten esperientziengatik, batzuetan; bizipen, kolore-gama, paisaia, usain, zapore... berriak geuretzeagatik, eta pilatzeagatik. Besteetan, berriz, bakea lehenesten dugu beste guztiaren gainetik. Geure baitara bil-bil eginda egoteko moduko txoko bat nahi izaten dugu; oihalezko hamaka bat zintzilik zuhaitzetik zuhaitzera, txorien kantua, eta liburu on batzuk. Lasaitasunagatik ordaintzen dugu horrelakoetan; isiltasunagatik.

"Kutsadura akustikoa hertsiki lotuta dago antsietatearekin, estresarekin, loezinarekin... eta, oro har, ongizate faltarekin. Kanpoko zaratak zarata sortzen du barruan ere"

Oraintsu arte ez naiz sekula azken bi horiek elkarlotzera iritsi. Ez dut kontzienteki pentsatu izan isiltasunaz, eta ordaintzeaz; isiltasuna ordaintzeaz, isiltasunagatik ordaintzeaz. Lagun batek egindako hausnarketak akuilatu ninduen duela gutxi eta, beste ezer baino lehen, telebista-iragarki bat etorri zitzaidan gogora. Zaratarik ateratzen ez zuen garbigailu bati buruzkoa zen iragarkia, badira urte batzuk ikusi nuela.

Hain zuzen ere, munduko zatitxo batean ordaindu egiten da garbigailu, xurgagailu, irabiagailu eta gainerako -gailu guztiek ahalik eta soinu gutxien izan dezaten. Munduko zatitxo batean, jendeak haserre bizian egiten du izarapetik leihora artekoa, jaiegunez eta goizean goiz etxe pareko lurra zulatzen hasi diren langileekiko edo bazkalosteko siesta-ordu sakratuan kanpoan lanean dabiltzan kale-garbitzaileekiko klase-elkartasunez.

Munduko zatitxo horretatik kanpo, ordea, kutsadura akustikoa hertsiki lotuta dago antsietatearekin, estresarekin, loezinarekin... eta, oro har, ongizate faltarekin. Kanpoko zaratak zarata sortzen du barruan ere eta, behin zarata barrenduz gero, akabo isiltasuna.

[Gera zaitez isilik tarte batez. Zer entzuten duzu?]

Pribilegiatuak horren barneratuta izan ohi ditu bere pribilegioak ezen gehienetan ez baita izan badituenik ere ohartzen. Pribilegiatuok horren barneratuta izan ohi ditugu gure pribilegioak ezen gehienetan ez baikara izan baditugunik ere ohartzen.