Hiru pintada ikusi nituen oso denbora gutxian

Gorka Bereziartua
0
Benasquen (Huesca) agertu den pintadetako bat, Ernest Hemingwayren esaldi batekin.

Egun batzuetako tartearekin pantailan agertu zaizkit hiru pintada, bi Euskal Herrian eginak eta bestea atzerrian edo, bueno, Huescan, eusko labeldun eskiatzaileek eta ehiztariek sarri samar kolonizatzen duten arren, gure-gurea ere ez den paraje batean –nahiz eta kanta bat ere bageneukan ametsetako lurralde horri eskainia, garai bateko erromeriyak asko alaitu zituena. Orain ez naiz akordatzen nola zen, “gu Huescara, zu zergatik ez?” edo “Huescara, Huescara, jalgi hadi plazara”–.

Artikulu honetan egingo dugun esperantzatik terrorerako bidaian, etxeko atzerri horretatik hasiko gara, zera jarri baitu norbaitek Benasqueko horma batean espraiarekin: “Hori eta katuak bere burua zaintzeko gai direla jakitea zen agure horrek inoiz edukiko zuen zorte on guztia”. Antza denez 21 urteko gazte batek idatzi du gaztelaniaz Ernest Hemingwayren Zubiko agurea ipuineko esaldi hori, baita antzeko beste 79 ere, ez denak Hemingwayrenak, Charles Bukowskiren testuak ere identifikatu ditu Guardia Zibilak gaztea atxilotu aurretik –portzierto, txapelokerrek testu literarioak fitxatzeko unitate bat ote daukaten pentsarazi dit honek guztiak–.

Ikusi dudan beste pintada batek zera dio: “Noizko Osakidetza euskaldun bat eta ez andaluzez betea”. Ospitale baten parean egin dute. Kaligrafiari kasu eginez gero, pintadagintzan esperientzia handirik ez daukan norbait da egilea; edo bestela, mediku bat, zeren, a ze letra-mokordoa. Edukiaz zer esan. Ba sarean zabaldu duen Dabid Martinezek esan duenaz gain –“Euskaldun eta euskaltzale gisa pintada honek lotsa ematen dit”–, Osakidetza euskalduna izan daitekeela lasai asko andaluzez betetakoa, hizkuntza-politika baita kontua, ez ospitaleko langileen jatorria. Eta 2022an oraindik horrelako gauzekin ibili beharrak eragiten didan nagitasunari esker, dominaren bat irabazi ahalko nukeela datozen Joko Olinpikoetan, sofathlon kategorian.

Hirugarren pintada da laburrena: “Z”. Ukrainako errefuxiatuak hartzen dituen Kastresanako egoitza baten atarian egin dute, igitaiaren eta mailuaren sinboloarekin batera, eta ausartuko naiz esatera kasu honetan alfabetoko azken hizkiak ez diola Pello Reparazen proiektu musikalari erreferentzia egiten, tanke errusiarrek darabilten sinboloari baizik. Ondoan marraztu duten ikonografia sobietarra gorabehera, uste dut pintadak komunismoaz baino gehiago erakusten digula zerbait matonismoaz; edo gutxienez, agintariak eta herritarrak desberdintzeko gaitasun falta kezkagarri batez, izan ere, Zelenski eta bere Azov batailoiko naziak ukrainar guztiengandik –baita gerran parterik ez izateko dena atzean utzi dutenengandik– bereizten ez dituenak, gauzak ulertzeko organoa pixka bat aberiatuta eduki dezake eta begiratu beharko luke nondik galtzen duen olioa.

Sinetsi nahi nuke bigarren eta hirugarren pintadak asmo txarrez egin dituela norbaitek, beste norbaitzuk xenofobo gisa edo Errusiazale porrokatu gisa agerrarazteko, problema bat fabrikatuz beste problema batzuk estali nahian. Dena den, Huescako grafitigile literatoaren bidetik, Rachel Cusken Aftermath liburuko esaldi bat pintatu behar luke norbaitek hemen inguruko hormaren batean: “Sentitzen dut garden bihurtu naizela galeraren erruz: jada ez dago ezer, begiratzen dudanean, seguru sentiarazten nauena”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA