Energia berdea?

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Zein da energiaren kolorea? Zergatik energia berde izendatzea? Hiztegiak dio energia dela sistema batek lan egiteko duen ahalmena, eta horrek ez omen du kolorerik. Baina guk jatorrizko iturriaren arabera, kolore bat jartzen diogu energiari. Beltza edo grisa esaten diogu baliabide fosiletatik (ikatza, petrolioa, gasa) lortzen denari. Hidrogeno arrosa da uraniotik eratortzen dena eta hidrogeno horia nahastutako iturrietatik (fosilak eta berriztagarriak) lortzen duguna. Eta berdea litzateke baliabide berriztagarrietatik datorrena. Ulertzekoa da publikoaren haserrea Europako Batasunak (EB) 2021an modu trantsitorioan gasa eta energia nuklearra berdetzat izendatu zituenean. Hau trikimailua!  

"Ez soilik Europako gobernuak, korporazio energetikoak ere presaka ari dira energia berdeen bila negozio energetikoa mantendu
ahal izateko"

Paradoxa energetikoa. Frantziak ez dio energia nuklearrari uko egin nahi eta Alemaniak Errusiako gasaren dependentzia handiegia du. EBeko bi buru/motore nagusiek “berdetasun” hori inposatu dute trantsizio energetikoaren bidean arnasa hartzeko. Eta kea saltzeko ere bai! Paradoxa txundigarri horrek Europa bere energia-sistemaren ispilu lotsagarriaren aurrean jartzen du: klimaren mende alde batetik, eta petro-estatu autoritarioetatik ekarritako erregai fosilen dependentzian, bestetik. EB Errusiaren energia-bezero nagusia da oraindik; EBko gas naturalaren %46 eta petrolioaren %25 inguru Errusiako Federaziotik etorri zen 2021ean. Eta erretolika berdearen gainetik ez dugu ahaztu behar: EBk %25etik %40ra handitu ditu gasen inportazioak azken hamar urteetan.

Energia nuklearraren alorrean Ekialdeko Europan ugaltzen ari diren proiektuak (Bulgarian eta Hungarian adibidez) eta uranioaren merkatu nuklearra Errusiaren kontrolpean daude. Ukrainaren inbasioaren ondotik zentral nuklearren inguruan bizi izandako tentsioek ez dute berri onik ekartzen; hots, nuklearra ezin da etorkizuneko energia iturria izan.  

Orain presaka. Ez soilik Europako gobernuak, korporazio energetikoak ere presaka ari dira energia berdeen bila negozio energetikoa mantendu ahal izateko. Energiaren Nazioarteko Agentziaren ustez, 2025erako petrolioaren erauzketa %20ra jaitsiko da kasurik onenean, eta halakorik ez da ikusi II. Mundu Gerratik hona. Antonio Turielek dioenez, egungo energia trantsizio-ereduaren arazoa ondokoa da: energia bizia, energia berriztagarriak alegia, fosilizatu nahi dela; naturaren erritmoak jarraitzen dituen eta lurralde osoan barreiatuta dagoen energia, merkatu kapitalistaren erritmoak jarraituko dituen energia kontzentratuan bihurtu nahi dela. Eta bide horretan berdetasun bakarra dolarrena da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.