“Statu Francese assassinu”

Peru Iparragirre
0

Mugigaitza zirudiena mugitu da, Korsika berriz ere nazioarteko prentsan ageri da, baita Frantziako diskurtso publikoaren zati batean ere, ez dago gertatzen ari dena isiltzerik edo saihesterik. Martxoaren 2an Arlesko (Okzitania) espetxean biziarteko kartzela zigorra betetzen ari zen Yvan Colonna preso politiko korsikarrari eraso egin zion preso jihadista batek. Ia hamar minutuz jipoitu zuen, itotzen saiatuz, eta hil ustean utzi zuen. Koman dago geroztik, hil ala bizi.

Gertatutakoa ekiditeko Frantziako estatuak hartutako neurri faltari –gerta zitekeela jakina baitzen– eta gertatu ostean izandako pasibotasunari haserre bizian erantzun dio Korsikako mugimendu independentistak, ikasleengandik hasi eta Korsikako elkargoko eta Korsikako Asanbladako kargudunetaraino. Colonnak jasandako erasoak mahai gainean jarri du, berriz ere, Frantziako estatuak preso politikoekiko duen espetxe politikaren nolakotasuna. Euskal preso politikoekin bezala, korsikarrekin ere kostata, mantso eta berandu ari da gizarte zibileko hainbat zati eta gero eta hautetsi gehiago galdegiten ari diren pausoak ematen.

Korsikako hiri eta herrietako kaleetan haserrea nabari da azken bi asteotan eta ia egunero elkartu da jendea protestetan, ia gauero izan dira istiluak, bi igandez jarraian manifestazio jendetsuak egin dituzte Cortin eta Bastian hurrenez hurren, eta Ajaccion ere jende andana bildu da mobilizazioetan. Ikasleek kolegio eta lizeoak blokeatu dituzte, gazteek prefeturen aurka molotov koktelak eta harriak bota, protestarien aurka egiten zuten poliziei aurre egin… Goiburu nagusia izan dute protestek: “Statu Francese assassinu”, ez du itzulpenik behar.

Istiluak hasi direnetik, DPS edo “bereziki zaindu beharreko preso” estatusa kendu diete Colonnari eta berarekin batera kondenatutako Alain Ferrandi eta Pierre Alessandri preso politikoei, eta horrekin Borgoko (Korsika) espetxera lekualdatzeko aukera zabaldu, aspalditik blokeatutako negoziazioetan mintzagai izan den eskaria. Azken egunetako protestetako aldarriak puskaz harago doaz, baina. Martxoaren 12an Bastian batu da ia mugimendu independentista osoa, hiru auziren bueltan: Colonnarentzat egia eta justizia, abertzaleentzat askatasuna eta korsikar herriaren aitortza. Ikusteke dago egoerak nolako garapena izango duen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA