Portugal dut amets

Gorka Bereziartua
0
Roman Abramovitx oligarka (kontrakoa frogatzen den arte) portugaldarra.

Ukrainaren inbasioa dela eta ez dela, azkenaldian asko ari da agertzen notizietan Roman Abramovitx oligarka portugaldarra. Bai, ondo irakurri duzue: portugaldarra. Idatzi behar duzuna aurreikusten duen teklatuak ere “errusiarra” jartzen du “oligarka” hitzaren ostean, baina gauzak hain bihurtu dira konplikatuak, tekla bakoitza sakatuz eskribitu beharrean gaudela orain, kazetarion nekeak hainbeste arindu dituen idazkera erdi-automatiko tipiko topikoa bazterrean utzita. Hauek lanak.

Egia esan, jo eta poto utzi nau notiziak: “Portugal ikertzen ari da Abramovitxi eman zion nazionalitatea”. Antza denez, arbaso sefardiak zituen Chelsea futbol taldearen jabeak –ahoskatu “Tzelzi”, Xabier Azkargortak merezi du omenaldia–. Eta, antza denez, 2015. urtetik nazionalitatea ematen diete Manuel I.enak XV. mendean Portugalgo erresumatik bota zuen komunitate judu horretako kideen ondorengoei. Pieza galanta izan behar zuen Manuel horrek, portzierto: juduez gain musulmanak ere kanporatu zituen; eta bera errege zenean konkistatu zuen Portugalek Brasil; hori dena, Playmobil bat bezala orraztuta.

Duela bospasei mendeko zisko haiek eta oraingo ziskoak nahiko antzekoak dira, segun eta nondik begiratzen duzun. Diferentzia pasaporteetan dago: Abramovitxek, Portugalgoaz gain, baditu beste hiru –Errusia, Lituania eta Israel–, eta bueno, nazionalitateen kontu hori dirua daukazunean ze katxondeo klase den ikusita, Ruperri lotzen natzaio: “Hori suertea nonahikoak diren horiena, sasi guztien gainetikan dabiltza hegan”. Zure herrialdeak beste batean muturra sartu eta egoera txungo jartzen dela? Beti esan ahalko duzu, Sarrionandia parafraseatuz, “Ni ez naiz hemengoa”.

Oraindik orain berriz elkarrekin rokanrrolin ikusi ditugun Pott Bandako bi kide atera dira jada artikulu honetan eta ez da debalde. Zeren, egia esan, inbidia ematen dit Abramovitxek. Eta Pott Bandarengatik da. Pott Bandakoen erruz, portugaldarra izan nahi dut. Fas Fatum ene lagunek fadoa zein tristea den diote, Propostas para a definição do exilio, badakizue zertaz ari naizen. Zuek ere sentitu duzue noizbait dena atzean utzi eta Portugalera ihes egiteko gogo erreprimitu ezinezko hori.

Portugalek dena dauka: Fernando Pessoa, Sophia de Mello, Amália Rodrigues, Eusébio eta gainontzeko guztia. Portugalgo milikoak, fusiletan krabelinak landatuta, Grândola, Vila Morena kantari. Zure penak ez dira patetikoak Portugalen, saudade-a dira; edo desassossego-a. Eta haietaz hitz egiteak ez zaitu pringatu bat bihurtzen. Are gehiago: kultura da.

Portugalek, gainera, badu abantaila handi bat: Portugal dela eta ez, demagun, Espainia. Edo Frantzia. Edo Alemania. Edo AEB. Edo Errusia. Edo Txina. Edo bere buruari inportantzia ematen dion beste edozein herrialde. Alegia, disimuluan pasatzen daki. Munduari ez zaio asko inporta Portugal eta, kontraprestazio gisa, nik uste dut Portugali ez zaiola askorik inporta mundua.

Bale, ados, benetako Portugal ez da hori. Edo ez da hori bakarrik. Baina Javier Ortizek Jamaikari buruz zioena parafraseatuz, nire Portugalek, amesten dudan Portugal honek, balio dit kimera delako, hemengoa ez den espazioa okupatzen duelako, laguntzen didalako imajinatzen beste batzuk izan gintezkeela. Eta horren premia larria dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA